Futbola

Altsasuren garaipen ederra Donezteben

Guaixe 2022ko mar. 7a, 14:00

Erregional maila. Hirugarren multzoa. 21. jardunaldia: Doneztebe 1 – Altsasu 2

Erregional mailako Altsasu denboraldi bikaina egiten ari dela ezin daiteke ukatu. Asteburuan bere hamabosgarren garaipena lortu zuen talde altsasuarrak, Doneztebe taldeari 1 eta 2 irabazi eta gero. Partida hasi eta lehen 15 minututan aurreratu ziren altsasuarrak, Lobok eta Aiestaranek sartutako golei esker, eta nahiz eta Doneztebek  25. minutuan gola sartu eta markagailuan hurbildu, zuten abantaila ongi kudeatzen jakin zuten gorritxoek eta hiru puntuekin itzuli ziren Altsasura. 

Leitzako Aurrera taldeak jarraitzen du erregional mailako hirugarren multzoko lider (50 puntu) eta Altsasu bigarrena da, lau puntura (46 puntu) eta igoera faseko postuetan. Asteburuan Altsasuk sailkapenean zazpigarren den Beti Kozkor B taldea hartuko du Dantzalekun.