Kontakizun lesbiko laburren bildumaren aurkezpena

Guaixe 2022ko mar. 10a, 13:43

LGTBIQ+fobia salatzeko kontzentrazioa Iruñeko udaletxe parean. @DekumasLBT

Iruñeko Dekumas elkarteak 'RelataLES' liburu fanzinearen bigarren edizioa aurkeztuko du bihar, ostirala, Iortia kultur gunean. Sarrera librea da, aforoa osatu arte. Aurkezpenera joaten den guztiak fanzinea opari jasoko du.  

Dekumas LBT, emakume lesbiana eta bisexualen, transexualen eta zisgeneroen elkarteak RelataLES liburu fanzinearen bigarren edizioa aurkeztuko du Altsasun, bihar, martxoak 11, ostirala, 18:00etan, Iortia kultur gunean, Intxostiapunta gazte guneak antolatuta. “Argitalpena Estatuan 2020an antolatu genuen kontakizun lehiaketan du jatorria. Kontakizunak gaztelaniaz edota euskaraz aurkez zitezkeen. Jatorriz euskaraz idatzi ziren kontakizunak euskaraz eta gaztelaniaz daude, eta gainerakoak gaztelaniaz daude”.

Elkarteak emakume lesbianak eta bisexualak ikusgarri egin nahi ditu argitalpen horrekin. Baita pertsona adina dauden sentitzeko, maitatzeko eta gozatzeko moduak ere. Kontakizun laburren bilduma horretan hainbat ikuskera daude, makina bat idazkera moldetan jasoak. Fanzinearen irakurketak emakumeen arteko harremanen inguruan dagoen iruditegi kolektiboaz eta aurreiritziez hausnartzeko ere balio du.  

Dekumas LBTren helburua da LBT emakumeendako kultura eta kirol jarduerak antolatzea eta sustatzea. Gainera, bazkide izan gabe ere, Dekumas LBTk emakumeak, dibertsitate osoan, eta pertsona ez bitarrak laguntzen eta integratzen ditu bere jardueretan, betiere LBTari laguntza aitortua emateko oinarrizko baldintza betetzen bada. Aurkezpena Nafarroako Gobernuaren, Kattalinguneren, Altsasuko Udalaren eta Intxostiapunta gazte gunearen laguntzaz antolatu da.