Gaur hasi eta larunbata bitartean Altsasuko ehungintza, kirol, oinetako eta osagarrien sektoreko hogei bat saltokik beraien produktuak kalera aterako dituzte. Altsasuko Dendarien Elkarteko (ADE) dendek horrela despedituko dute neguko denboraldiko merkealdia, produktu guztiak beherapen handiekin eskainiz. Izan ere, Stock Azoka Burunda frontoian egiteko ezintasunaren ondoren, duela bi urtetik hona, ADEko saltokiak batera antolatzen dira merkataritza ordutegian merkealdi denboraldi bakoitza bukatzeko eta udaberriko denboraldi berriari hasiera emateko. Hirugarren urtea da, beraz, ADEk jarduera hori egiten duela eta udako denboraldiarekin ere hala jokatuko duela jakinarazi du.
Elkarteko kideen iritziz, jarduera horrek segida izanen du. “Lehenik eta behin, pandemiaren ondoren kalean egoteko normalizazioagatik eta, agian, 10 urte baino gehiagoren ondoren, erakargarritasuna galdu duten stock azoken higaduragatik”. Dendarien elkarteak, bestalde, aurreratu du kalearen dinamizazioarekin eta herriko merkataritza bide publikotik dinamizatzearekin lotutako hainbat jarduera prestatu dituela aurten.
Denda parte hartzaileak
- Txikitxo
- ML Moda Hombre
- ML Moda Mujer
- Liburunda
- Optika Sakana
- Iulene
- Iker Kirolak
- Asensio
- Ekin
- Pinpilinpauxa
- Tu Tienda Especial
- Katuka
- Calzados Bengoetxea
- Deportes Lezea
- Mari Carmen
- Larka
- Sare Calzados
- Joselen-Joss