Emakume Langileen Eguna 2022

Udalak zaintzaren inguruko hiru konpromiso hartu ditu

Guaixe 2022ko mar. 14a, 09:18

Altsasuko armarria eta esku morea. ARTXIBOA

Orain arte izan den kontziliazio ikuspegia utzi eta zaintzari buruzkoa lantzera pasako da. Erabaki horrekin “zaintzari buruzko ikuspegia aldatu eta erantzunkidetasun soziala gizarte antolamenduaren funtsezko ardatz izanen duen eredu baterantz” joko du.

Emakume Langileen Eguna dela eta, Altsasuko Udalak erakunde adierazpen baten bidez hiru konpromiso onartu ditu. Batetik, Altsasun zaintzaren inguruko ikuspegian aldaketak sustatzen dituzten politika publikoak bultzatzea emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunean aurrera egiteko”. Bestetik, “ikusarazi eta balioestea bizitzaren jasangarritasuna ahalbidetzen duten zaintza-lanak, eta azpimarratzea sexuaren araberako lan-banaketa indartzen duten rolen eta estereotipoen eraldaketa”. Eta, azkenik, “aitortzea mugimendu feministak arlo honetan egindako ekarpenak eta lana”. 

Altsasuko Udalarendako zaintza da “gure ongizate fisiko eta emozionalerako ezinbestekoak diren zeregin batzuk egitea, ordainpekoak izan ala ez. Gizakiok berezkoa dugu zainduak izateko beharra; pertsona guztiok beharko ditugu zaintza lanak bizitzako hainbat unetan, intentsitate desberdinetan”.

Udaletik azaldu dutenez, “orain arte, zaintzari eta esparru horretan dirauten desberdinkeriei, oro har, kontziliazio politiken bidez heldu zaie”. Kontziliaziorako Toki Itunen programa 2004an abiatu zen “norberaren bizitza, lana eta familia bateragarri egitea hobetze aldera enpleguaren esparruan
laguntzeko politiken bidez, baina zaintza-lanen banaketa desorekatua zalantzan jarri gabe”. Onartuta ere “politika horiek emakume eta familia askoren egoera arindu” dutela, “ez diote erantzun integralik eta benetako irtenbiderik eman aurrez aurre dugun problematikari: sexuaren araberako lan banaketa iraunarazten dituzten genero rol eta estereotipoak, emakumezko eta gizonezkoendako lan merkaturako sarbide eta enplegagarritasunean dauden arrakalak, zaintza lanek eta horiek antolatzeak dakarren karga mentala”.

Horregatik, Altsasuko Udalak aurten kontziliazioaren ikuspegitik zaintzari buruzko lanera pasatzea planteatu du, eta Nafarroako Zaintzari buruzko Itunetan jasoko da. Altsasuko Udalak azaldu duenez, “paradigma aldaketa horrek berekin dakar zaintzari buruzko ikuspegia aldatzea eta erantzunkidetasun soziala gizarte antolamenduaren funtsezko ardatz izanen duen eredu baterantz jotzea”. Gaineratu duenez, “zaintza beste modu batean ulertzen duten gizarteak garatu behar ditugulako, eta genero analisi feminista bat egin behar dugulako zaintza lanak erdigunean kokatzeko, esparru publikoan, ikusten den horretan, garrantzitsua eta baloratua den horretan”.

Testuingurua 
Erakunde adierazpenean Altsasuko Udalak aitortzen duenez, “pandemiak agerian utzi du egungo zaintza ereduaren krisia, eta horrek ez duela funtzionatzen milaka emakumeren lanik gabe”. Udalak ziurtatu duenez, “zaintza lana funtsezkoa da bizitzari eusteko, baina askotan doakoa, ikusezina, prekarioa eta feminizatua izaten jarraitzen du. Emakumeengan uzten da gehienetan eta zaintza ardurak berdintasunez banatzea betetzeke dagoen erronka da, bai eta gizarte berdinzaleagoa eraikitzeko aukera ere”.

Jaiotzatik guztiok “interdependenteak gara eta zaintzaren beharra dugu, eta horregatik, berriz ere azpimarratu nahi dugu zaintza lanei heltzeko moduan aldaketa bat behar dugula”. Horretarako, Altsasuko Udalaren iritziz “ezinbestekoa da genero desberdinkeriak, rolak eta estereotipoak gainditzea eta herritar guztiak sentsibilizatzea, hala bizitza maila fisikoan nola emozional eta mentalean sostengatzen duten lanei ikusgaitasuna eta balioa emateko”.