Emakume Langileen Eguna 2022

Bizitzak erdigunean jarriko dituzten alternatibak eraikitzeko deia

Guaixe 2022ko mar. 14a, 13:00
Errefailako kideak beraien irakusketa egiten Emakume Langileen Eguneko geldialdi batean.

Errefailak kolektiboak egin zuen dei hori martxoaren 8an. Antolatzeko deia egiteaz aparte, “bizitzen uzten ez digun sistemari autodefentsa feministaz erantzuteko” deia zabaldu zuten.

Ibarreko mugimendu feministaren astearteko manifestazioaren geldialdi bat baliatu zuen Errefailak kolektiboak Emakume Langileen Eguneko bere irakurketa plazaratzeko. Sakanako neska* gazteak saretu eta lanketa feminista egiten duen Errefailak kolektiboko kideek gaztigatu zutenez, “sistema honen kolapso baten aurrean gaude, eta egoera honi proposamen eta alternatiba baliagarririk ez zaizkiola eman” salatu zuten. 

Azpimarratu zutenez, “neska* gazteok pairatzen ditugun baldintza lotsagarriak ez dira kasualitatez ematen, haiek erantzule zehatzak dituzte”. Nabarmendu zutenez, “gizonezkoek zaintzaren alorrean erantzukizunik hartu gabe jarraitzen dute, horren pisu guztia guregan dagoelarik”. Gaineratu zutenez, “gure bizitzak prekarizatzen dituen kapitalaren aurrean instituzioek entzungor egin eta errepresioarekin erantzuten dute”. 

Arrazoiak 
Errefailak kolektiboko kideek zaintzaren inguruko bederatzi ohartarazpen egin zituzten asteartean. Hasteko, “zaintza ez da zaintza lanak pribatizatzea”. Horrekin batera, “zaintza ez da X biztanleko X psikologo izatea”. Gaineratu zutenez, “zaintza ez da berdintasun planekin bakarrik egiten”. Aldi berean, “zaintza ez da bilera guztietara joatearekin soilik egiten”. Ziurtatu zutenez, “zaintza ez da deseroso sentitu edo erasotuak izan garela esatean zuek garrantzia kentzea”. Gainera, argi utzi zutenez, “zaintza ez da zure lagun erasotzailea babestea”. Horretaz aparte, Errefailaketik adierazi zutenez, “zaintza ez da zure seme-alabak zaintzeko neska* gazte bat egoera prekarioan kontratatzea”. Horri lotuta, “zaintza ez da gure lan eskubideak existitzen ez direla pentsatzea”. Eta, azkenik, “zaintza ez da gutxieneko soldatara ez iristea, kontraturik gabe lan egitea, ordutegi finkorik ez izatea…”