Emakume Langileen Eguna 2022

Feministek “euskal zaintza sistema publiko komunitarioa” eskatu dute

Guaixe 2022ko mar. 14a, 13:27

Mugimendu feministaren manifestazioa Emakumeen Langilearen Egunean.

Sakanako mugimendu feministak zaintza erdigunean jarri zuen martxoaren 8ko aldarrikapenean. “Zaintza eskubidea, eskubide unibertsal gisa onartzea behar dugu, jasotako zaintza, bakoitzaren familiaren edota egoera ekonomikoaren araberakoak izan gabe”.

Emakume Langileen Egunean Sakanako mugimendu feministak ziurtatu zuenez, “zaintza lanak produktiboak eta politikoak dira, pandemian agerian gelditu den bezala, funtsezkoak dira bizitza sostengatzeko”. Baina salatu zuenez, “egungo zaintza eredua emakumezkoon* gainesplotazioan oinarritzen da, bereziki, emakumezko* migratuenean: aliantza heteropatriarkal, kapitalista eta kolonialista da”. 

Feminista sakandarren iritziz, “bizitzan zehar zainduak izatea pertsona guztien eskubidea izan behar da. Zaintzak ezinbestekoak dira gure gorputzak eta gure komunitateak burujabeak izan daitezen”. Gaineratu zutenez, “zaintzaren ardurak kolektiboa izan behar du; bizitza, ongizatea eta osasuna mantendu eta kudeatu ahal izateko”. Hori lortzeko antolakuntza eta “eta espazio guztiak feminismoz bustitzera” deitu zuten. 

Elkarrekin 
Hitz hori hainbatetan errepikatu zuen Sakanako mugimendu feministak asteartean. Egungo sistema hetereopatriarkal, kapitalista, arrazista eta kapazitista” gisa definitu zuten. Harekin bukatu eta “bizitzea merezi duen mundu bat eraikitzearen alde feminismoa da bidea. Guk lan kolektiboaren aldeko apustua egiten dugu”. Izan ere, “elkarrekin, indartsu eta batuta egon behar dugu hainbeste esfortzuri esker lortutako gizarte eskubideen atzerapausoei aukerarik ez emateko”. 

Feministek elkar hartzera deitu zuten “azken aldian gora egiten ari diren diskurtso faxista, misogino, homofobo eta sexistei adierazteko aurrean izango gaituztela”. Elkar hartuta exijitu dute “enplegu duina, soldata arrakalarekin bukatzeko eta behin-behinekotasunarekin bukatzeko”. Kalitatezko pentsioak emanen dituen pentsio sistema publikoaren alde egin zuten. “Emakumezkoen* gaineko indarkeriak jarraitzeaz nazkatuta” daudela eta elkarrekin aurre egitera deitu zuen mugimendu feministak. Aldi berean, erakunde publikoak indarkeria horren erantzule egin zituzten, “ez baitituzue nahikoa baliabide jartzen, ez arretan ez prebentzioan ere”.