Taekwondoa

Brontzezko Erkuden Jinxin

Guaixe 2022ko mar. 17a, 11:00

Erkuden Jinxin Morenok Alicia Nuñezekin partekatu zuen hirugarren postua. ESPAINIAKO TAEKWONDO FEDERAZIOA

Bargagain taekwondo taldeko borrokalari altsasuarra Nafarroako selekzioarekin aritu zen eta 44 urtez azpiko pisuan hirugarren sailkatu zen

Martxoaren lehen asteburuan Espainiako Junior Mailako Taekwondo Borroka Txapelketa jokatu zen Jaengo Olivo Arena Kirol Jauregian. Nafarroako selekzioarekin hamabi taekwondo borrokalari lehiatu ziren, Mikel Arrondo, Luismi Morales eta Marko Etxeberriaren zuzendaritzapean, eta tartean Bargagain taekwondo talde sakandarreko Erkuden Jinxin Moreno Muñoz altsasuarra zegoen. 

Moreno 44 urtez azpiko pisuan lehiatu zen eta ez zuen hasierako ligaxkan parte hartu: zuzenean final laurdenetan sartu zen lehiara. Lehen borrokan 17 eta 1 irabazi zion Daniela Gimenez Garcia valentziarrari, baina finalerdietan Silvia Otero Refigio galiziarraren kontra ez zen horren fin ibili eta  ez zuen aurrera egin. Erkuden Jinxin Morenok eta Alicia Nuñez Guijo andaluziarrak hirugarren postua partekatu zuten eta biek brontzezko domina jaso zuten.  Nafarroako selekzioko hamabi taekwondolarien artean soilik Moreno igo zen podiumera.