Astekaria

Burundak 45. denboraldiari ekin dio, ilusioz

Maider Betelu Ganboa 2022ko mar. 17a, 13:00

Burunda Txirrindularitza Taldeko 2022 denboraldiko txirrindulariak.

Aurten 49 txirrindulari trebatuko dira Quesos Albeniz-Burunda txirrindularitza taldean. Oscar Guerrero presidenteak babesleak eskertu zituen eta familien inplikazioa nabarmendu zuen “klubak guztiok egiten dugun lanagatik funtzionatzen duelako”

Igandean Burunda Txirrindularitza Taldeak 2022 denboraldiko aurkezpena egin zuen Iortia Kultur Gunean. Talde argazkiei Oscar Guerrero presidenteak eta Gorka Mintegi idazkariak gidatutako ekitaldiak eman zion segida. “Aurten Juan Mari Guajardok ezin du egon, hortaz, laburrago izango da ekitaldia” azaldu zuen Guerrerok, irribarrez. Iñaki Lasa presidenteordeak, Ismael Perez diruzainak eta Jose Antonio Begiristain, Iker Flores, Pablo Urtasun eta Xabier Ramirez de Alda bokalek osatzen dute Burundako junta. “Ea denboraldi berrian ongi pasatzen dugun” gaineratu zuen Mintegik. 

“Gure 45. denboraldia hasi berri dugu eta ez ditugu urte luze hauetan bere laguntza eman diguten babesleak ahaztu nahi. Gure neska-mutilek horrenbeste gustuko dugun kirol honetan trebatzeko ez dugu laguntza ekonomikorik falta izan, eta hori handia da. Babeslerik gabe ezinezkoa litzateke gure taldeak aurrera egitea, eta horregatik guztiei gure eskerrik beroenak ematen dizkiegu. Bakoitzak ahal duena ematen du eta guztien artean kluba aurrera ateratzen dugu” hasi zuen bere hitzaldia Guerrerok. Segidan, txirrindularien familiak izan zituen hizpide, Burunda taldea familia bat delako. “Familia berriei, ongi etorri. Kirol honetaz gozatzea, taldean gustura egotea eta luzarorako izatea opa dizuegu. Aurretik gurekin zaudeten familiei, eskerrik asko. Entrenamenduak direla, lasterketetako ginkanak, bidegurutzeak direla… hor zaudete. Kirol honetan guztien inplikazioa ezinbestekoa da eta zuen dedikazioa eskertu nahi dugu” nabarmendu zuen presidenteak. “Klub eredugarria garela esaten digute federazioan eta baita Foruzaingoan ere, lasterketetan ez dagoelako arazorik, eta hori gurasoen inplikazioagatik ere bada” gaineratu zuen. 

Eskola mailan Iker Floresek, Ismael Perezek eta Xabier Ramirez de Aldak egindako aldaketekin “oso pozik” daudela gaineratu zuen Guerrerok. “Eskolei beste aire bat eman diote”. Eta kadeteetan eta jubeniletan Tomas Martinez beteranoak eta Eneko Vilarrek egiten duten lana eskertu zuten. “Beti dago hobetu daitekeen zerbait, eta horregatik iradokizunen bat, aipamen bat edo zalantzaren bat baduzue, etorri lasai gugana. Zuzendariak eta juntako kideak zuen proposamenak entzuteko prest gaude” argi utzi zuen presidenteak. “Guztiok egiten dugun lanagatik funtzionatzen du klubak, bestela, ezinezkoa litzateke” nabarmendu zuen. 

Baloreak sustatu
Segidan eskoletako hiru entrenatzaileak igo ziren oholtzara. “Eskoletan neska-mutilek ikas dezatela, hori da gure lana. Taldea osatzen eta euren artean harreman ona izaten ikas dezatela; entrenamenduan eta lasterketetan goza dezatela; eta errepidean binaka, ilaran, errelebotan… nola aritu behar duten ikas dezatela, tropelean nola kokatu behar diren, zulaketak konpontzen ikasi… hori askoz ere garrantzitsuagoa da lasterketak irabaztean pentsatzen egotea baino. Hori akatsa baita. Gure helburua txirrindulariak kadeteetara oinarrizkoa ikasita iristea da. Garrantzitsuena neska-mutikoak dira, txirrindularitzan jarraitzeko ilusioa izan dezatela. Eta gu horretan saiatuko gara” azaldu zuten. Tomas Martinezek eta Eneko Vilarrek ere ildo beretik hitz egin zuten eta gazteak entrenatzeko “konfiantza” eskatu zuten. “Txirrindularitza zer den eta bizitza ere zer den, balore horiek erakustea da gure lana. Guztiak dira berdinak, semeak bezalakoak, eta ahal dugun hobekien egiten saiatuko gara” azaldu zuen Martinezek, eta edozein iradokizun entzuteko prest daudela gaineratu zuen Vilarrek. 

Familiei “konfiantza” eskatu zien Guerrerok, “txirrindularitzan trebatzeko eta lagunartekotasuna, errespetua, konpartitzea eta txirrindularitzak sustatzen dituen baloreak ikasteko zuen seme-alabak esku oso onetan uzten dituzuelako. Taldekide batekin garaipen bat konpartitzea eta halako baloreak guretako oso garrantzitsuak dira, eta filosofia honekin jarraituko dugu. Lasterketetan ikusiko dugu elkar” agurtu zen presidentea.

Zortzi lasterketa
Burunda klubak zortzi lasterketa antolatuko ditu aurten. Lau eskolen mailakoak dira –Ziordian, Olaztin, Altsasun eta Urdiainen, festetan–, hiru kadeteen mailakoak –apirilaren 9an Altsasun, uztailaren 5ean Urdiainen eta uztailaren 15ean Iturmendin– eta igandean, martxoak 13, Altsasun jokatuko den jubenilen lasterketa. Hauei Altsasu Kirol Elkarteak antolatuko dituen juniorren mailako Erramu Trofeoa (apirilak 10) eta afizionatuen mailako Altsasuko festetako lasterketa gehitu behar zaizkie. 

Quesos Albeniz-Burunda Txirrindulari Taldea 2022
Eskolak (37): 
Promesak (5): Simone Flores Agirre, Aiur Matias Asurmendi, Alain Anguiano Via, Annette Curiel Peña eta Adur Arbizu Martinez. Hasiberriak (4): Javier Ramirez de Alda Rojas, Anai Mazkiaran Dieguez, Saioa Mejia Stefani eta Irati Agirre Muñoa. Kimuak (15): Enara Perez Barrenetxea, Aitor Piedra Ortellano, Ekaitz Zufiaurre Goikoetxea, Egoi Urtasun Etxeberria, Ezkai Lakunza Arza, Markel Urteaga Zelaia, Asier Galarza Zubiria, Mikel Lizarraga Lopez de Goikoetxea, Patxi Azkarate Andonegi, Unai Mazkiaran Dieguez, Daniel Curiel Peña, Iker Agirre Muñoa, Mikel Audikana, Hodei Audikana Olaiz eta Eki Arbizu Martinez. Haurrak (13): Marko Flores Agirre, Eider Mazkiaran Dieguez, Lucia Andueza Zornoza, Uxue Juanez Garcia, Oier Olaberria Goikoetxea, Xabier Curiel Peña, Unai Gomez Lopez de Goikoetxea, Asier Flores Agirre, Markel Lizarraga Lopez de Goikoetxea, Alex Gonzalez Juanez, Gabriel Gonzalez Juanez, Aitzol Hernaz Iraola eta Ibai Galarza Zubiria. 

Entrenatzaileak: Iker Flores, Ismael Perez eta Xabier Ramirez de Alda.
Babesleak: Quesos Albeniz, La tasca de Don Jose, Katealde eta Garaje Urbasa. 

Kadeteak (7): Andoni Yerai Bedoya Morales, Ion Aierbe Senar, Iker Begiristain Andueza, Iker Gomez Lopez, Ekaitz Perez Barrenetxea, Ekain Imaz Perez eta Hegoi Garcia Duran. 
Entrenatzailea: Tomas Martinez Viedma.
Babeslea: Quesos Albeniz. 

Juniorrak (5): Xabier Borrega Arnedo, Ander Villalobos Hernanz, Asier Etxeberria Anton, Mikel Regil Fernandez eta Iker Agudelo Razkin. 
Entrenatzailea: Eneko Vilar Sisamon. 
Babeslea: Quesos Albeniz. 

Erlazionatuak