Bat esateagatik, adibidez, bertigo handia daukat. Altuerek beldurra asko ematen didate. Gaixotasunek, batzuetan ere, beldurra ematen dute. Helduago egiten garen heinean, nik uste horri beldur handiagoa diozula". Antzoki batean publikoaren aurrean jartzea, ordea, dagoeneko ez dio beldurrik ematen Xabier Artiedari, "nahiz eta beti urduritasun puntu bat duzun". Baina beldurrak beti hor daudela azaldu du antzezleak, "eta azkenean beldurrik gabe biziko bagina, ez dakit asko iraungo genukeen".
Beldurrek babesten dute. "Babesteko instinto bat dira". Nire bildurrik maiteenak antzezlana "hortik doa": beldurrak hor daudela, bakoitzak bere beldurrak dituela eta haiek kudeatzen ikasi behar dela erakusten du Producciones Maestras konpainiaren lanak. "Beldurrak kentzeko baino, beldurrak ulertzen laguntzen du". Martxoaren 20an, igandean, 17:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean emanaldia egingo dute.
Musikala
Von Soria eta Von Simon "pixka bat ero" dauden bi zientzialari, bizitza osoa daramate beldurren inguruko ikerketak egiten. "Transilvanian edo daude, pixka bat arraro hitz egiten dute, eta beraien ikerketak egiten ikusten ditugu. Azkenean, beldurrekin kontaktatzea lortzen dute, eta beraiekin interakzioak dituzte". Nire bildurrik maiteenak sei urtetik gorako haurrendako gomendatuta dago, "baina helduak gustura ikusteko pentsatuta dago".
Produciones Maestras konpainia ezagunak egin du antzezlana. "Deitu ninduten bertan parte hartzeko, pertsonaia bat egiteko". Testua Ana Maestrojuánena da eta gaztelaniazko bertsioan Angel García Moneo eta Artieda dira protagonistak; euskarazko bertsioan, berriz, Iker Bengoetxea eta etxarriarra. "Gutxinaka zuzendariarekin berak nola nahi zuen azaldu zigun, eta pertsonaiak nondik nora joan nahi zuen ikusi zuen. Lasai-lasai jolasten pertsonaia ateratzen da. Testuak ematen dizu pertsonaia". Ikuskizuna komedia musikala da. "Abesten dugu. Gorka Pastorrek egin du konposizio musikala".
Artiedak Nafarroako Antzerki Eskolan Gorputz antzerkia ikasi zuen, baina bitartean Iruñeko Orfeoian aritu zen, eta zenbait musika taldetan ere egon da. "Nire Madrilgo etapan, uda batean, orkeztra batean herriz herri egon nintzen festak egiten". Gaur egun, The Road izeneko musika talde bat dauka, eta udan emanaldiak egitea aurreikusten du. Iker Bengoetxeak, Nire bildurrik maiteenak antzerkiko lankideak, Sudurgorri bikoizketa ekoiztetxea du.
"Gorputz antzerkia eta musika batera jartzen ditut; gorputza eta ahotsa gauza bera dira". Kirola egiten denean gol edo kanasta bat sartzerakoan ateratzen den oihuarekin alderatu du Artiedak, "garrasi hori gorputzarekin batera doa. Biak konektatuta daude". Musikala egitea edo antzerki fisikoa egiteak, beraz, "beti dauka zerbait antzeko. Oinarrian beti gorputz antzerkia dago".
Lana
Producciones Maestras eta Tdiferencia Nafarroan "mugimendu" handia duten bi konpainia dira. "Nik haiekin lan egiten dut. Ezagunak dira eta urte asko daramatzate mundu honetan. Urteak eta konstantziak ematen dizu leku bat". Antzezlea sasoi onean dago: "Martxoaren 25ean eta 26an ikastetxeetan egiteko matxismoaren kontrako Libre zu, libre ni antzezlana estreinatuko dugu". Bestetik, Iruñeko Karrikirik antolatutako Nano-antzerki zikloan parte hartuko du martxoaren 24an, 19:30ean, Gorputz antzerkia eta komedia saioarekin. "Evertybody needs... nire proiektuen esketxen zati bat da". Momentu honetan hainbat proiektutan murgilduta dago Artieda, "zorionekoa da horrela ibiltzea. Oxala horrela beti". Kontratatzen duten konpainiekin "oso eskertuta" dago, baita kaleratzen dituen proiektuek ere "bere txokoa" aurkitzearekin ere.
"Jendea antzerkira joatera animatzen dugu, beharrezko esperientzia delako"
Pandemiak kulturaren sektorean gogor jo zuen, eta pixkanaka "normaltasunera" itzultzen ari da, hala ere, "oraindik kostatzen da. Zerbait aldatu da. Guk nabaritzen dugu. Ez dakigu zer den zehazki, baina jendea ez da hainbeste mugitzen; lehen bezainbeste". Aurrerago egoera hobetzea espero du Artiedak. "Pandemian gauden arren egoera normalizatu da, baina ez dakigu zergatik antzokiak ez dira hainbeste betetzen. Jendea antzerkira joatera animatzen dugu, beharrezko esperientzia delako". Zuzeneko interakzioa, bisualki oso berezia dela "poetikoa" delako, eta gauzak lantzen dituzten modua goraipatu ditu antzezleak. "Antzerkia beti egongo den zerbait izango da. Antzerkiak beti iraungo du, eta iraun du. Pandemia bat pasatu du ere. Pozgarria da".
'Heroes' eta 'Energy'
Xabier Artieda "konpainia berri" bat bada ere. "Hor nabil nire txokoa aurkitzen eta gauzak ateratzen direnean eskertzen ditut". Momentuz, gorputz antzerkian oinarritutako bi produktu ditu: Everybody needs... Heroes eta Everybody needs... Energy. Lehenengoa 2019. urtean aurkeztu zuen, "eta gero pandemia etorri zen". 2021eko irailean bigarrena atera zuen. Gainera, musikalki taldetxoa dauka ere eta kontzertuak eskaintzea espero du Artiedak.
Duela gutxi Everybody needs... proiektuarekin Madrilen eta Valladoliden egon zen. "Zukua atera diot. Zirkuituetan sartzen saiatzen ari naiz, baina denbora behar da proiektuetan sartzeko, eta hainbeste proiektutan sartuta nagoenez, ez dut denbora nahikorik. Baina, beno, hau dena etengabeko ikasketa bat da".