Saioa Sayas / Gorka Pascua

"Futbolean aritzeko gogoa duten neskak izena ematera animatzea da erronka"

Maialen Huarte Arano 2015ko mai. 1a, 08:05

Altsasuko futbol talde mistoan aritzen da jokatzen Saioa, Gorka Paskua da entrenatzailea. Datorren ikasturtean neskez osatutako futbol taldea sortzea dute xede.

1. Aurtengo txapelketa irabazi duzue. 12 urte dituzue taldekideek. Ongi aritu zareten seinale, Saioa?
Aurten hasi gara futbol 11n jokatzen eta tamaina hartzen ari gara oraindik. Zelai erdian jokatzetik zelai osoan aritzera aldea dago, baina, bai, moldatzen jakin dugu eta irabazten ere bai. Beraz, talde indartsua garela esanen nuke.

2. Neska bakarra zara taldean. Gainerako neskek ez al dute interesik futbolean aritzeko?
Badira nire adineko neskak futbolean aritzen direnak. Agurainera joaten dira edo Beasainera. Bada neska gehiago futbolean aritzeko gogoarekin, orain erronka da horiek animatzea eta izen ematea datorren ikasturtean hemen Altsasun sortu nahi dugun talderako. Modu horretan herrian bertan sortu genezake neska taldea.

3. Gorka, lehen aldia da futbol 11n jokatzen dutela eta irabazi egin dute. Nola lortzen da hori?
Gogotsu ari dira eta berehala jakin dute zelai osoan jokatzera moldatzen. Konpromiso handia hartu dute taldekideek, entrenamendu guztietara etortzen dira, eta emaitzak hori guztia islatzen du. Aurrerapen handiak lortu dituzte denbora gutxian.

4. Altsasun zer egin daiteke nesken taldea sortzeko?
Neskek beste kiroletan izen ematen dute, nesken futbol talderik ez dagoelako. Komeni da nesken taldea sortzea. Zelai egokia dago herrian, eta aukera aproposa da futbolean aritzeko. 10 neskekin nahikoa izanen litzateke taldea osatzeko.

5. Nola prestatzen dituzu entrenamenduak Gorka?
Entrenamenduak ez dira bakarrik baloiaren inguruan izaten. Mendira korrika egitera joaten gara, ariketa desberdinak egiten ditugu baita jolasak ere. Dibertigarriak dira entrenamenduak, ongi pasatzen dute. Lagun giroan aritzen dira. Diziplina eta baloreak ere lantzen dira. Bi egunez ordu eta erdi aritzen gara. Gure inguruak eskaintzen duena aprobetxatzen dugu beroketa egiteko.

6.  Denboraldia hasi baino lehen helburuak markatzen dituzu.
Zerrenda bat egin eta helburu horiek betetzen saiatzen naiz ikasturtean. Ez nuen xede gisa txapelketa irabaztea, baina, dena ongi lantzearekin lortu dute. Entrenamenduetara joaten diren guztiek eta konpromisoa hartzen duten guztiek jokatzen dute.

7. Noren aurka aritu zarete txapelketan?
Iruñean jokatzen ditugu norgehiagoka gehienak. Lakuntzako eta Etxarrikoen aurka ere aritu gara.

8. Heldu den urtean nesken taldea sortzeko zer da beharrezkoa?
2002 eta 2006 artean jaiotako neskek eman dezakete izena, Altsasukoek eta Sakanako beste herrietakoek. Altsasuko zelaian entrenatzea da asmoa, oso egokia delako. Izena Altsasu Kirol Elkartean eman daiteke.

9. Altsasuko Kirol Elkartearen laguntza jasotzen ari zarete heldu den ikasturteari begira.
Bai, eurekin batera ari gara saiatzen nesken taldea sortzen. Maiatzaren 7an, 19:15ean Gure Etxea eraikineko 1. solairuan bilera eginen dugu, denak elkartu eta taldea aurrera ateratzen saiatzeko.

10. Irailean ekinen zeniokete talde berriarekin?
Irailetik maiatzera izaten dira denboraldiak. Dena dela, ekainean izaten dira izen emateko epeak eta horregatik hasiak gara dagoeneko mugitzen.

11. Txapelketa irabazita, Nafarroa mailan ari zarete orain onenen artean lehian.
Nafarroa mailan posturik onenean gelditutako taldeak ariko dira orain, onena nor izanen den lehiatzen. Lau talde ari gara. Sei partida izanen dira: Sanduzelai, Itaroa-Uharte eta Gazte Berriak izanen ditugu aurkari. Lehena etxean berdindu egin dugu.