Aisiz blai programan izen ematea zabaldu da

Guaixe 2022ko mar. 17a, 09:33

Haurrak gozogintza tailerrean. ARTXIBOA

Gaurtik heldu den ostegunera arte eman daiteke izena 948 012 012 telefono zenbakira hots eginez, www.altsasu.net webgunearen bidez. 

Ikasleek aurki udaberriko oporrak hartuko dituzte, eta horrek hainbat etxetan familia bizitza eta lana bateratzeak zailduko du. Horren jakitun Altsasuko Udaleko Txantxari ludotekak Aisiaz blai programa prestatu du ikasleen opor egun horiei begira. Ludotekak apirilaren 19, 20, 21 eta 22an zabalduko ditu ateak 3 eta 12 urte arteko neska-mutilendako. Gurasoek haiendako bi ordutegi izanen dituzte aukeran: 08:30etik 13:30era edo 11:00etatik 13:30era. Lehen ordutegia beteko ez balitz bigarrena sortuko litzateke.

Ludotekatik jakinarazi dutenez, plazak mugatuak dira. Jardueren garapena osasun-agintari eskudunek Covid-19k sortutako pandemiaren eta osasun-krisiaren inguruan hartzen dituzten neurrien mende egongo da.

Hobariak
Ohi denez, familien diru sarreren araberakoa izanen da ordaindu beharreko matrikula. Udalak hamaika errenta tarte zehaztu ditu. Baita hobariak ere, horiek eskuratzeko joan den urteko errenta aitorpena aurkeztu beharko dute martxoaren 29tik apirilaren 1era. Udalak martxoaren 29an jakinaraziko du zein eskaera onartu dituen, eta ezeztapen, erreklamazio edo dokumentazioa aurkezteko epea martxoaren 29tik apirilaren 1era izango da, ludotekan edo udal bulegoan. Behin betiko onartuen zerrenda apirilaren 5ean publikatuko da eta ordainketa epea apirilaren 5tik 8ra bitartekoa izango da.