Duatloia

Sakandarrak oso txukun Arangurenen

Guaixe 2022ko mar. 21a, 09:53

Gomez, Maiza eta Martinez del Olmo. UTZITAKOA

Juan Carlos Gomez eta Juan Luis Maiza lehen hogei postuetan sailkatu ziren eta Nafarroako Kirol Jokoetan

Aurreko igandean VIII. Aranguren Ibarra Duatloia jokatu zen, eta Sakana Triatloi Taldeko duateletak oso txukun aritu ziren. Sprint distantziako proba zen (5 km-20 km-2,5 km), eta lehia oso estuan, Miguel Ruiz (54:22) gailendu zitzaion Martin Eslavari (54:29). Bi sakandar Top-20an sailkatu ziren. Juan Carlos Gomez 16. sailkatu zen (58:10) eta Juan Luis Maiza 18. (58:26). Euren taldekide Juan Martinez del Olmo 56. postuan iritsi zen helmugara (1:05:42). Emakumezkoetan Marina Etxenike izan zen azkarrena (1:07:43). 

Harrobia, oso ongi
Arangurenek Nafarroako Kirol Jokoetarako lasterketak hartu zituen baita ere, eta Sakana Triatloi Taldeko Mazkiaran Dieguez anai arrebek erakustaldi ederra egin zuten. Benjaminetan Anai izan zen txapelduna, kimuetan Unai bigarren sailkatu zen eta nesken haurren mailan Eider podiumera igotzear egon zen, laugarren sartu baitzen. Bestalde, mutilen haurren mailan Oihan Andueza bosgarren iritsi zen helmugara eta Aratz Mendoza zazpigarren, eta kadeteen mailan Mikel Arrizabalaga bigarren sailkatu zen, primerako lasterketa egin eta gero.