Duatloia

Altsasuko Duatloirako guztia prest

Guaixe 2022ko mar. 18a, 12:30

Joan zen urtean Ibarrean jokatu zen Altsasuko Duatloia, baina aurten Altsasuko herri gunera bueltatuko da.

100 partaidetik gora izango dituen Altsasuko Duatloia nagusia 15:45ean abiatuko da, larunbatean, Foru Plazatik. Goizean Nafarroako Kirol Jokoetan ariko diren 100 gaztetxoak lehiatuko dira Txioka ikastola parean, 10:30etik aurrera

Pandemia zela eta, joan zen urtean Ibarrea industri gunean jokatu zen Sakana Triatloi Taldeak antolatutako Altsasuko Duatloia. Baina aurten probak bere betiko ibilbidea eta formatua berreskuratu ditu eta ohi denez, Foru Plaza izango da Altsasuko Duatloiko bihotza, irteera eta helmuga. 

Altsasukoa sprint distantziako proba da. Partaideek 5 kilometroko korrikaldia izango dute hasteko, ondoren 22 kilometroko txirrindularitza proba eta, azkenik, 2,5 kilometroko korrikaldia. Arratsaldez jokatuko da. 15:45ean emakumeak abiatuko dira, 15:50ean gizonezkoak, eta 15:51n errelebotan ariko diren taldeak, hau da, taldekide batek korrikako atala osatuko du eta besteak bizikletakoa. Antolakuntzatik adierazi dutenez, 88 duatleta daude izena emanda, eta 10 errelebo talde. Beraz, 108 partaide espero dira. 

Altsasuko herri gunean prestatutako 2,5 kilometroko zirkuituari bi bira eman ondoren, Iortia Kultur Gunean kokatuta egongo diren boxetan bizikleta hartu eta 22 km-ko distantzia osatu beharko dute duatletek. Tartean Altamira igo beharko dute, eta Zegamako Ortzaurteko bidegurutzeraino iritsi. Boxetan bizikleta utzita, herriko zirkuituari bira bat emango diote, plazako helmugaraino heltzeko. 

Altsasura gerturatzeko gonbita
Duatloia ikusteko proba polita da, eta Sakana Triatloi taldeak Altsasura gerturatzeko gonbita egin die sakandarrei. Altsasuko herri guneaz eta Iortiako boxez gain, Altamira eta Ortzaurte lasterketa jarraitzeko toki egokiak izan daitezke. Gainera, larunbaterako eguraldi polita iragarri dute eta arratsalde pasa polita izan daiteke. Bestalde, antolakuntzak lasterketa aurrera ateratzeko babesle guztien ahalegina eskertu du. 

Gaztetxoenak, goizez
Kategoria txikiko duatletak –103 daude izena emanda– Txioka haur ikastolaren inguruan antolatutako zirkuituan lehiatuko dira, goizean, Nafarroako Kirol Jokoetarako baliagarria izango den Altsasuko Duatloian. Hurrenez hurren, benjaminen lasterketa 10:30ean hasiko da, kimuena 10:45ean, haurrena 11:30ean eta kadeteena eta jubenilena 12:00etan. 

Hurrengo astean Arbizukoa
Altsasuko Duatloia jokatu eta hurrengo astean, martxoaren 26an, Arbizuko Duatloia jokatuko da, aldi berean Nafarroako Distantzia Motzeko Txapelketa izanen dena. Izena ematea zabalik dago Nafarroako Triatloi Federazioko webgunean.