Astekaria

Basoitxiren itxuraldaketarako lanak

Guaixe 2022ko mar. 21a, 09:33

Basoitxiko zati bat baso aprobetxamendua egin ondoren.

Herritik gertu dagoen baso eremu horretan etorkizunean sortuko diren haritz amerikarrak etxerako sutarako bideratuko ditu udalak, eta bertako haritza sortzen den espazioak, berriz, lehentasunez ingurumen eta aisialdia erabilera izanen dute. Baso aprobetxamendua despedituta, bertako haritzak, lizarrak, ezkiak eta urkiak landatuko dira.

Despeditzear da agorrilean Basoitxin hasi zen 2020-2021 aldirako Biurteko Aprobetxamendu Planaren 1. faseari dagokion baso aprobetxamendua. Haritz amerikarrak atera dituzte handik 2012ko Mendi Komunalak Antolatzeko Proiektuaren bigarren berrikuspenari segituz. Hau da, "aprobetxamendu horrek baso eta teknologia irizpideei erantzuten die". Moztutako zuhaitzak duela 40 urte baino gehiago landatu ziren. Udalak azaldu duenez, “onddoek sortutako tinta gaitzak jota zeuden (zainak ustelduta) eta sikatzen eta erortzen ari ziren. Egun haizetsuetan hori arrisku handikoa da, inguru horretan jende asko paseoan ibili edota kirola egiten baitu”. 

Udalak jakinarazi duenez, “duela 40 urte baino gehiago han egindako landaketek ekoizpen irizpideak zituzten, baso aprobetxamendurako orientazio eta bokazio argiarekin”. Orain Basoitxin birsortze naturalerako erabiliko irizpidea desberdina izanen da, “lehentasuna emanen zaio inguru horretako aisialdirako erabilerari”. Izan ere, herritik gertu dagoen baso zatia izanik, Mendi Komunala Antolatzeko Planaren bigarren berrikuspenak eremu hori aisialdirako eremu natural izendatzea du helburu.

Aurreikusitakoa 
Mozketaren ondoren haritz amerikarra modu naturalean birsortu den tokitan, kopuru eta itxurari dagokionez garrantzitsua denean, haren birsorkuntza naturala utziko da. Zuhaitz horiek handitzen direnean etxerako egurretarako banatuko direla aurreratu du udalak. Basoitxin badira beste toki batzuk zeinetan haritz amerikarraren landarea bertako haritzarenarekin bizi den. Halako tokietan bertako haritza lehenetsiko da eta, horretarako, besteak beste, herrialdeko haritz landaketak eta mantentze lanak eginen dira. Izan ere, “haritz amerikarrak herrialdekoari konpetentzia handia egiten dio, amerikarra espezie inbaditzaile gisa jokatzen baitu, bere hazkunde abiadura handiagoa dela eta, haritz autoktonoari behar dituen argia eta mantenugaiak kentzeko gai delako, hainbat jarduera egitera behartuko du”. 

Bertako haritzak toki horietan galdutako espazioa berreskuratzeko jarduerak horiek “ekosistemarendako eta bertako biodibertsitateari eusteko ezinbestekoa dira”. Aurten eta heldu den urtean eginen dira bertako haritzaren landaketak Basoitxin eta Balankalekun. Haiekin batera otsalizar, basagurbe, lizar, ezki eta urki batzuk ere landatuko dira.