Sunsundeguiko CCOO (2) eta ELA (2) sindikatuetako ordezkariek enpresarendako etorkizuneko plan bat eskatu dute: “fabrikako enplegua ziurtatuko duena eta langileen erosteko ahalmena berreskuratuko duena”. Sindikatuek azaldu dutenez, “egoera jasanezina” da, eta “fabrikaren bideragarritasuna eta enplegua bermatzeko, erosteko ahalmena berreskuratzeko eta Nafarroako gizarteak enpresa horren problematika ezagut dezan mobilizatu eginen gara; izan ere, enpresa irekita dago, gehiago jasaten ez duen plantillaren ahaleginari esker”.
Bi sindikatuetako ordezkariek langileei ezarritako prekarietatea salatu dute: “soldata jaitsierak onartzeko, produkzio prima ezabatzeko eta soldatak izoztea onartzeko zuzendaritzaren mehatxuak eta derrigortzeak” salatu dituzte. Gaineratu dutenez, “zuzendaritzaren itxiera eta kaleratze alternatibaren aurrean horiek eta beste akordio batzuk onartzera behartu gaituzte”.
CCOOk eta ELAk salatu dute egungo zuzendaritzaren kudeaketa “oso txarra” dela: “laguntza publikoez baliatzen da, lanpostuak ziurtatuko dituen bideragarritasun planik mahai gainean jarri gabe”. Bi sindikatuek gaztigatu dutenez, “enpresaren produktibitatea txikitzen ari da eta ia merkatu nazional osoa galtzen ari da”. Eta adibidetarako 2019 urtea jarri dute: “ekoizpen markak hautsi ziren 450 autobus baino gehiagorekin, eta, hala ere, enpresak galerak izan zituen. Iraun zuen Sodenaren eta hainbat bankuren maileguei esker”.
Gogorarazi dute langileek soldatak 2024ra arte izoztuta dituztela, “baina Kontsumo Prezioen Indizea handituta, Sunsundeguiko langileak ez dira hilaren akaberara iristen”. CCOOk eta ELAk salatu dute enpresa irekita mantentzeko ahalegin guztiak plantillak egin dituela, eta zuzendaritzak, berriz, “diru publikoa jasotzen du eta 4,5 milioi eurorainoko galerak dituela, Nafarroako Gobernuak ezer egiten ez duen bitartean”.
CCOOk eta ELAk enpresa batzordean gehiengoa duten UGTri eta LABi “egoera horri aurre egiteko eta plantilla defendatzeko ezer ez egitea, pasibotasuna” leporatu diete. Gaineratu dutenez, “soldaten izoztea onartzen dute, ordainik gabe eta berreskuratzeko aukerarik gabe, nahiz eta langileak hilaren akaberara iristen ez direla ikusi”.