Astekaria

"Erreformek Hezkuntza ekoizpen prozesu berrira egokituko dute"

Guaixe 2022ko mar. 21a, 13:35

Nahia Miguel Goikoetxea eta Tasio Merchan Fernandez.

Hezkuntza arlora heldu diren aldaketekin ados ez, eta Ikasle Abertzaleak-ek, 'Hezkuntza erreformak gelditu!' lelopean, ikasleak grebara deitu ditu ostegunean. Tasio Merchan Fernandez eta Nahia Miguel Goikoetxea Ikasle Abertzaleak-eko kideak dira. 

Hezkuntzara hiru erreforma heldu dira. LOMLOEk DBH eta Batxilergoari eraginen dio. Lanbide Heziketarako plan berria ere lantzen ari dira eta, azkenik, Unibertsitate Sistemako Lege Organikoa (LOSU) unibertsitateari eraginen dio. 

Hezkuntza arloko erreformekin ez zaudete ados?
Tasio. Ez. Lehenik eta behin garrantzitsua ikusten dugu gaur geun bizi dugun testuinguruan kokatzea hiru hezkuntza lege edo plan horiek. 2008tik burgesia ekoizpen zikloaren krisitik ateratzeko ezgai ikusten da. Gizartearen edo kapitalismoaren berrantolaketa bat gauzatzen ari da. Berrantolaketa hori gizartean, ekonomian eta abarretan ematen ari da. Azken finean, ekoizpen ziklo eraginkor bat aurrera atera ahal izateko, eta burgesiaren terminoetan, ekoizpen baliabide egokiak izateko. Berrantolaketa horien guztien artean Hezkuntzan sekulako indarra egiten ari dira. Hain zuzen ere burgesiaren ekoizpen ziklo berriaren beharrak asetzeko zenbait neurri aplikatzen ari dira. Hiru erreformatan ikus dezakegu hori. Hiruak adierazleak dira, baina hori prozesu bat bezala ulertu behar da: autoritarismoaren gorakada, enpresarien esku hartze hori esponentzialki ematen ari da, pitteka-pitteka… Legeak horiek paperean jartzera heldu dira. 

Banaka joanen gara. LOMLOE. DBH eta Batxilergoari eraginen lioke. Zer ekartzen du? 
Nahia. Hezkuntzaren kalitatean finkatu beharrean, ekoizpen prozesura egokituko den hezkuntza bat, horri begira eginen diren erreformak dira. Esaterako, oso nabaria da ekoizpen prozesura egokitzeko oso bortizki eman den digitalizazio prozesua. Ia egun batetik bestera DBH eta Batxilergoko maila guztietan derrigortua izan da Cromebook-a, hau da, ordenagailu txiki batzuk. Eta ebaluazio sisteman Cromebook-a eta Clasroom plataformak (Googleren hezkuntzarako zerbitzua) beharrezkoak dira notaren zati bat eskuratzeko. Heldu den ekoizpen zikloa teknologikoa izanen da. Enpresariek sekulako apustua egin dute ikasleak heldu den lan mundura egokitzeko. Horretaz aparte, autoritarismoaren gorakada ere nabarmena da, ikastetxeetan COVID-19aren garaian hasi zena, ikasleen ia askatasun politiko guztiak mugatuz. Erreformek hori legeztatzen dute. Esaterako, unibertsitateetako Bizikidetza Legeak askatasun politikoak mugatu eta legez kanpo sartu daitezke. Horregatik, militanteak edo politika egiten duten pertsona edo ikasle askok isunak jaso ditzakete eta errepresioa jasan dezakete legearen barruan. 

Lanbide Heziketako plan berriak zer aldaketa ekarriko lituzke?
T. Bai, eta Altsasun badugu ikastetxea. Lanbide Heziketan oso argi ikusten da dualaren normalizazioa eta indartzea paperera ekarri nahi dute. Ikasleen doako praktikak finkatu nahi dituzte. Hori guztia, jakina, enpresarien lan indar merke edo doako hori areagotu ahal izateko. 

Unibertsitatera ere aldaketak omen datoz. 
T. Nahiak aipatu du Elkarbizitza Lege hori askatasun politikoen ezabapen bidean politika egitea are eta deslegitimatuagoa egoteko baldintzak jartzen ditu. Besteetan bezala, LOSUn enpresarien esku hartze argia ikusten da. Gizarte zientzietako graduen edukien hustuketa dago, eta garrantzia falta. Kontrara, aipatu dugun ekoizpen ziklo berri horri lagunduko dioten zenbait gradu, batez ere, informatika, digitalizazioarekin eta, orain COVID-19agatik, medikuntzarekin lotutakoak indartu egiten dira. Gradu batzuk galdu eta beste batzuk indartzen ari dira. Tasak pitteka-pitteka igotzen ari dira. Azkenean, egoera zaurgarrian Lanbide Heziketan, Unibertsitatean eta Bigarren Hezkuntzan. Ikasle langileok azkeneko kaka gara. 

Ikasle Abertzaleak-endako nolakoa izan beharko luke Hezkuntzak? 
N. Arazoa, berez, ez dira bakarrik hiru erreformak. Hirurek inondik inora ez dute hobetuko sistema kapitalistak ezarritako Hezkuntza hau. 

T. Azken finean, Hezkuntza ulertu behar da gizartearen hanka bat bezala. Guk politika sozialistak aldarrikatzen ditugun heinean, bide horretan oraintxe bertan dagokiguna Hezkuntza kapitalista hau, lege erreforma kapitalista horiek kritikatzea da. eta horren aurrean ikasleak antolatzea, ikasleak kalera ateratzea. Ostegunean eginen dugun bezala. Garrantzitsua jotzen baitugu lege horiek gogor salatzea. 

Ostegunerako ikasle greba deitu duzue? 
N. Hori da. Iruñeko Antoniutti parketik abiatuko da 12:00etan. Sakanatik hara joateko autobus bat antolatu dugu, edo behar direnak.