Ukrainako errefuxiatuak

Ukrainiarrak gure artean dira

Guaixe 2022ko mar. 21a, 14:27

Ukrainako pasaportea motxila gainean. UTZITAKOA

Herrialdea utzi, kontinentea zeharkatu eta joan den astelehenean iritsi ziren Altsasura aurreneko Ukrainako errefuxiatuak. 61 izan ziren, baina haietako batzuk beste bizitokiak opatu eta atzo 43 zeuden. Otadia aterpean 81 pertsona hartuko dituzte.

Errusiako armadako tropak Ukrainan sartu eta gerra piztu zenetik hiru aste bete dira. Gerrak hildakoak, zaurituak eta ukrainar errefuxiatuak utzi ditu. Horiek Europan barna babesa bilatu dute. Eta horietako batzuk Altsasuko Otadia aterpetxean opatu dute babesa. Joan den astelehen eguerdian iritsi ziren Ukrainatik aurreneko 61 pertsona aterpera, 32 haur, 26 emakumezko eta 3 gizonezko. Ostegunean aterpean zeudenak 43 ziren, beste 18ak beraien kontaktuen bidez beste etxe batzuetan babesa lortu baitzuten. Aterpeak berez 72 plaza baditu ere, 81 pertsonarendako tokia egokitu dute eta hurrengo egunetan Altsasura beste 38 ukrainar etorriko dira. 

Ukrainatik Altsasura etorritako pertsonei arreta eskaintzeaz Gurutze Gorria arduratzen ari da. Haiekin egiteko bost pertsona (gizarte langile eta hezitzaileak) kontratatuko ditu erakundeak. Horretarako, Nazioarteko Babes Programan jasotakoa betetzen ari da. Horren arabera, errefuxiatuei lehen harrera egin eta behar duten pertsonei bizitoki baliabideetan ostatua ematen diete, Altsasun, aterpean. Ondoren, lege eta osasun arloko aholkularitza heldu da. Batetik, aterpean biziko diren errefuxiatuak Altsasun erroldatuko dira. Bestetik, poliziaren aurrean beraien egoera legeztatuko dute. 18 hilabeteko baimen bat jasoko dute, beste sei hilabeterako luzatu daitekeena. 24 hilabete guztira. Bi urte horiek pasako balira, errefuxiatuak autonomia fasera pasako lirateke eta etxea eta lana bilatu beharko lituzkete. Programaren barruan, Gurutze Gorriak gaztelaniari eta gizarte trebetasunei buruzko prestakuntza emanen die errefuxiatuei. Legezko estatusa jaso ondoren enplegagarritasunean eta lan gaitasunetan duten prestakuntzan lagunduko diete.

Bestalde, osasun arloko betebeharrak dagoeneko bideratuta daude. Errefuxiatuak Mutiloako Forem egoitzara eramanen dituzte eta lehen balorazioa egin, tratamenduak behar dutenei hura nola egin zehaztu eta txertoen jarraipena egiteko. Norbanako osasun txartela ere eginen diete. 

Koordinazio mahaia
Bakarrik etorri ziren adingabe atzerritarrak hartu zituzten Iturmendik eta Altsasuk 2019ko udatik aurrera. Nafarroako Gobernuak ez zen Sakanako eragileekin harremanetan jarri elkarlanean aritzeko. Ibarreko erakundeak eskatuta egin ziren bilerak. Orduan ez bezala, ukrainar errefuxiatuen etorrerarekin lehen unean sortu da koordinazio mahaia. Bertan daude gobernuko Migratzaileak Hartzeko eta Laguntzeko Karibu Zerbitzua, Gurutze Gorria, Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua, Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea eta Altsasuko Udala. Atzo egin zuten estreinako bilera eta hurrena apirilaren 7rako jarri dute. Hilean behin biltzeko asmoa dute. 

Anitzartean eta gizarte zerbitzuetako teknikariek azaldu dutenez, "Espainiako Gobernuak krisiak zazpi hilabete iraunen duela aurreikusten du". Gaineratu dutenez, "errefuxiatuek Madrildik behar guztiak aseta dituzte: jana, esku dirua, farmazia eta arropa". Teknikariek argitu dutenez, gobernua aterpea betetzeko zain dago jakiteko zenbat haur eta gazte ikasle dauden. Ostegunean 18 ziren. "Guztien egoerak aztertuko dituzte eta horren arabera eskolatze prozesuari ekinen diote. Izan ere, ume batzuk on-line ikasketarekin segitzen dute. Besteak herriko ikastetxeetan banatuko lirateke". Kontuan hartzeko faktoreak dira udaberriko oporren ondoren kurtso bukaera despeditzeko bi hilabete faltako direla. Eta hizkuntza. Euskara eta gaztelania daudela azaldu nahi zaie. "Harrera egiterakoan ohituren eta bertako lekuen berri emanen diete". 

Boluntarioak
Gurutze Gorriak eta Anitzarteanek boluntario izan nahi duten makina bat sakandarren deiak jaso dituzte. Jende guztia antolatu eta egitekoak zehazteko asteazkenean, 17:30ean, bilera eginen dute guztiek Gurutze Gorriaren egoitzan.