'Uholdeak' programa Altsasun

Guaixe 2022ko mar. 22a, 11:34
2020-2021eko 'Uholdeak' programaren erakusketa Iortian. ARTXIBOA

'Uholdeak: X hau ez da okupatzen...' erakusketa mustuko dute ostegunean, Iortia kultur gunean. Uharte zentroak sustatuko programaren barruan Sutan taldearen dantza emanaldia, bertso saioa eta arte tailerra izanen dira. 

Martxoaren 24ik apirilaren 28ra Uholdeak programaren X hau ez da okupatzen... erakusketa eta egitaraua izanen da Iortia kultur gunean. Arte proiektu honetan Nafarroarekin lotura zuzena duten artistek egindako ekoizpenak agertzen dira, egungo adierazpen artistiko garaikideak herrialdean zabaltzeko helburuarekin; hortaz, Agoitzen izan ondoren Altsasura helduko da, eta, ondoren, Tafallara iritsiko da. Uharte Zentroak, Nafarroako Kutxa eta La Caixa fundazioek eta Nafarroako zenbait kultur espazioek parte hartzen dute ekimenean, Innova Culuralen laguntzarekin. 

Uholdeak programaren hirugarren edizioa da, eta aurten Jone Rubio Mazkiaran altsasuarra da arte komisioaria. Hiru ardatz nagusi zehaztu ditu: iruditeri feministak, espazioa eta gorputza. Arte plastikoaren erakusketan parte hartuko diren artistak Ione Atenea, Aizpea de Atxa, Celia Eslava, Andrea Ganuza eta Mireya Martín Larumbe dira, eta programaren barruan Sutan dantza taldearen emanaldia, bertso saioa eta kartel tailerra izanen dira. 

Egitaraua

Martxoaren 24tik apirilaren 28ra
Uholdeak: X hau ez da okupatzen... erakusketa

  • Martxoak 24, osteguna, 18:00etan, erakusketa gela
    • Arte plastikoen erakusketaren mustutzea
  • Martxoak 25, ostirala, 18:00, areto handia
    • Sutan dantza taldearen Su (arte)an emanaldia
      (Gonbidapenak Iortia kultur gunearen sarreran edo txarteldegian)
  • Apirilak 8, ostirala, 19:00, erakusketa gela
    • Bertso saioa
      Bertsolariak: Sarai Robles, Idoia Granizo eta Alazne Untxalo
      Gai jartzaileak: Jone Rubio eta Usua Martínez
  • Apirilak 23, larunbata, 11:30etik 13:30era, erakusketa gela
    • Kartel tailerra Andrea Ganuzarekin