Langabezian dauden zortzi pertsona kontratatzeko baldintzak jakinarazi ditu Altsasuko Udalak, eta, horretarako, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza izanen du. Altsasuko Udalak deialdi horren bidez lau lorezaintzako ofizial hartuko ditu (2. edo D maila) udalaren Obra eta Zerbitzuen Brigadan lan egiteko. Lanpostu horietan interesa dutenek, baldintza orokorrak betetzeaz aparte, beharrezkoa dute Oinarrizko Heziketa Orokorreko titulua edo baliokidea izatea. Gainera, lanpostu horietako baterako, nahitaezkoa da B gidabaimena izatea.
Bestetik, zerbitzu anitzetako lau peoi ere kontratatuko ditu (E maila), horiek ere Obra eta Zerbitzuen Brigadan lan egin dezaten. Lanpostu horietan interesa dutenek, baldintza orokorrez aparte, beharrezkoa dute Ikasketa Ziurtagiria edo baliokidea izatea, baita Errenta Bermatuaren jasotzailea izatea ere. Udalak argitu duenez, Errenta Bermatua jasotzen duten pertsonak kontratatuz gero, prestazio horren onuradun izan beharko dute Enplegu Agentziak eskaintza izapidetzen duen egunean.
Udalak deialdiaren bidez jakinarazi duenez, ez ditu kontratatuko aurreikusitako kolektiboetatik kanpoko pertsonarik, aurreko urtean hiru hilabeteko edo gehiagoko epean udalaren kontratua izan zutenak, baldin eta horien kontratazioa obrak egiteko edo bestelako zerbitzuak emateko egiten bada.
Deialdian interesa duten pertsonek Altsasuko Enplegu Agentzian izena eman beharko dute apirilaren 29a baino lehen. Agentzian hautagaien zerrenda osatu eta lanpostuekin zerikusia duten udalaren hautaketa proba teoriko praktikoak egin beharko dituzte dizkie. Horrez aparte, euskararen jakite maila baloratuko du, gehienez ere guztizko puntuazioaren %5.