Sakandarren iritzia Europara eramateko saioa

Guaixe 2022ko mar. 25a, 14:55

Iturmendiarrak hizketan. ARTXIBOA

Larunbatean, 12:00etan, Altsasuko Iortia kultur guneak Europaren etorkizunari buruzko konferentzia hartuko du. Nafarroako Gobernuko Europe Direct Bulegoak antolatu du. Hizketa gaia enplegua, ekintzailetza eta despopulazioaren aurkako borroka izanen da. Aldez aurretik izena eman beharra dago.

Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziaren esparruan, Nafarroako Gobernuaren Europa Direct bulegoak kanpaina ibiltari bat abiarazi du. Mendialdearen kasuan Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren eta udalen eta Cederna-Garalurren lankidetzarekin antolatu du. Kanpaina  europarrengana hurbiltzeko eta herritarrak eztabaidan parte hartzera animatzeko antolatu dute, azaldu dezaten beraien ustez nolakoa izan beharko litzatekeen Europaren etorkizuna. Izan ere, kanpaina Europako etorkizunari buruzko biltzarraren barnean txertatzen da; horren asmoa da Europako Batzordeak epe ertain eta luzera proposatuko dituen EBko garapen ildo estrategikoen berri ematea Europako herritarrei, ekarpenak eta proposamenak biltzea. 

Nafarroako 11 herrietan izanen dira Mintza gaitezen Europaz izenburuko eztabaidak, tartean Altsasun. Saio horietan Europar Batasuneko herritar guztioi berdin eragiten diguten gaiak landuko dira. Ibarreko eragileek enplegua, ekintzailetza eta despopulazioaren aurkako borroka gaia aukeratu dute saiorako. Saioa gaian aditua den pertsona batek aurkeztuko du eta parte hartzea dinamizatzeaz arduratuko da, sakandarrek gaiaz dituzten kezkak, konponbideak eta proposamenak entzunen dira. 

Jasotako iritzi horiek Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziaren plataformara pasako dituzte. Horregatik, antolatzaileek jardunaldian parte hartzeko gonbidapena egin dute. Saio irekia da hausnarketak edo proposamenak egin nahi dituzten herritar guztiendako. Interesaturik daudenak izena on-line eman behar dute.