Ukrainako errefuxiatuak

Ukrainarrak egoera berrira egokitzen laguntzen

Guaixe 2022ko mar. 28a, 14:02

Ukrainarrak bonbardaketez babesteko lurpeko babesleku batean. UTZITAKOA

Aurreko astean bezala, ostiralean 43 pertsona zeuden Altsasuko aterpean. Asteazkenean boluntario izan nahi duten 40 pertsonekin bilera izan zen. Momentuz errefuxiatuak kokatzea da lehentasuna, horren ondoren iritsiko da boluntarioen txanda

Otadia aterpean Ukrainatik etorritako 43 pertsona daude gaur egun, beste 38 plaza hutsik daude. Altsasura etorritakoen profila adingabeekin etorritako amarena da, gizonezkoek herrialdetik ateratzeko zailtasunak baitituzte. Egoitzaren kudeaketaz arduratzen den Gurutze Gorriak azaldu duenez, “ez dakigu noiz beteko diren. Gainera, hemen dauden pertsonak libre dira beste erkidego batzuetara joateko”. Jose Aldaba Legazpi Gurutze Gorriko Markaren eta Komunikazio eta Nazioarteko Lankidetzaren arduradunak azaldu duenez, “pertsonak autonomoak dira eta bizimodu normalizatua egin dezakete, baina asteko zazpi egunetan 24 orduko larrialdietako zerbitzua dute”.

Bitartean erakundeko kideak harrera behar bezala prestatzen segitzen dute eta aurki aterpean bizi diren ukrainarren Altsasun erroldatzen hasiko dira. Gaur Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko teknikari bat hizkuntzaren eta D ereduaren berri emanen die. Gainera, Zelandi eskola publikoko zuzendaria ere izanen da ukrainarrekin, haurren eskolatzeaz eta ikasketa ereduez hizketatzeko. Bitartean aterpean dauden nerabe batzuk Ukrainako ikastetxeekin harremanetan jarraitzen dute eta Internet bidezko hezkuntza jasotzen ari dira. 

Boluntarioak 
Bai Gurutze Gorriak bai Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak ukrainarren etorrera dela eta makina bat sakandarren deiak jaso dituzte boluntario izan nahi dutela adieraziz. Haiekin asteazkenean izan zuten bilera aterpetxean bertan. Berrogei pertsona baino gehiago aurkeztu ziren lanerako prest. Gurutze Gorriko ordezkariek guztien prestutasuna eta elkartasuna eskertu zituen. Haiendako laguntza eskaintza horiek balio handia dutela nabarmendu zuten. 

Gurutze Gorriko arduradunak azaldu zuenez, gaur egun etorri berriak kokatzeko lanean ari dira. Errolda, osasun arreta eta horrelakoekin. Horregatik, momentu honetan ez dago boluntarioen beharrik, baina aurrerago beharko direla esan zuen. Boluntario izateko Gurutze Gorriaren prozedura zein den ere azaldu zuen: erakundearen web orriaren bidez izena eman behar da, boluntarioei asegurua egiten baitiete. Beraz, edonork ezin izanen du boluntario izan. Boluntarioek etorkizunean honako arloetako batean lan egiteko aukera izanen dutela aurreratu zuten ere: lege laguntza, itzulpena, ukrainarrak lekuetara joaten laguntzea, gaztelania erakustea, hezkuntza, logistika eta aisialdia. Aurreratu zutenez, gaztelania irakasten aurki hastekoak ziren. 

Asteazkeneko bileran aipatu zen gerratik ihesi etorri zirenendako propio baliabideak sortzea baino, ez ote zen hobe dauden baliabideetan txertatzea: ludoteka, gaztetxokoa… Apirilaren 7an izanen den koordinazio bileran Migratzaileak Hartzeko eta Laguntzeko Karibu Zerbitzua, Gurutze Gorria, Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua, Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea eta Altsasuko Udalaz aparte, udaleko hainbat arloetako teknikariak ere egon zitezkeela aipatu zen. 

Lantaldeaz
Aldabak azaldu duenez, “Altsasuko aterpetxean gizarte arloko sei profesionalek osatutako talde finkoa dugu. Guztiek gizarte laneko, gizarte hezkuntzako eta beste giza eta gizarte- zientzia batzuetako unibertsitate titulazioa dute, talde ahulekin esperientzia handia duena”. Aterpean dauden langileak hizkuntza, informatika, genero ikuspegia eta bestelako gaitasunak dituztela azaldu du. Haietaz aparte, “arlo juridikoko eta psikologikoko beste bi profesional daud, eskariaren arabera artatzen dutenak”. Aldabak gaineratu duenez, dagoen premiaren arabera lan eginen duen “boluntario talde handi bat” dute.

Gurutze Gorriak bost langile kontratatzeko deialdia egin zuen joan den astean. Hautaketa prozesua despeditu bitartean. Orain dauden langileei lekukoa hartuko diete, baina batzuk eta bestek egiteko bera izanen dute. Batetik, gizarte laguntza eskainiko diete etorri berriei aldi baterako harrera-dispositiboen bidez. Hau da: harrera, balorazioa, diagnostikoa, esku hartzeko plan pertsonalizatua, jarraipena eta parte hartzaileen ebaluazioa eginen dute. Haiei dagokie balizko kalteberatasunak edo harrera premia bereziak hautematea, ebaluatzea eta horien jarraipena egitea.

Bestetik, zerbitzu eta gizarte baliabide publiko eta pribatuei buruzko informazioa emanen diete ukrainarrei. Eta, horrekin batera, oinarrizko informazio juridiko administratiboa, hau da, dituzten eskubideak, betebeharrak, asilo eta atzerritartasun prozedura, kudeaketak eta izapideak nolakoak diren eta zer egin beharko duten. Orientazioa eta laguntza, ez da horretara mugatuko, behar izanez gero erroldatzea, osasun txartela, dokumentazioa berritzea eta bestelakoetan lagunduko diete. Gerratik ihesi etorri berri bakoitzarekin bizitza autonomorako prestatzeko ibilbide adostu beharko dituzte, eta haren jarraipena egin. 

Lege erregularizazioa
Europako Batasunak errefuxiatuak herrialde kideetan kokatzeko argi berdea eman du. Beraz, aldi baterako babesa jasoko dute gerra hasi aurretik (otsailak 24) Ukrainan bizi zirenak, baita Estatuan egonaldi baimenarekin edo modu irregularrean bizi zirenak eta, gatazkaren ondorioz, Ukrainara itzuli ezin daitezkeenak.

Bestetik, lege babesa jasoko dute beste herrialde batzuetako aberrigabeak eta nazionalak, baldin eta otsailaren 24a baino lehen Ukrainan nazioarteko babesa edo baliokidea bazuten. Edo legez Ukrainan bizi zirenak, legezko bizileku baimen baliodun batean oinarrituta, eta jatorrizko herrialdeetara itzuli ezin direnak.

Aurretik  aipatutako pertsonen familietako kideak ere lege babesa jasoko dute. Zehazki honakoek: ezkontidea edo izatezko bikotekidea, seme-alaba adingabe ezkongabeak eta bidaiatzeko unean haiekin familia unitate gisa bizi ziren edo haien mende zeuden hurbileko beste senide batzuk, osorik edo partzialki.