Altsasuko Udalak Iortia kultur guneko zabalgunean, Burunda frontoiaren parean, estalpea eraikiko du aurten. Horretarako udalak proiektuen lehiaketa antolatu zuen eta martxoaren 15erako 24 estalpe proposamen aurkeztu ziren. Jasotako proposamenak epaimahai batek ebaluatuko ditu eta haietako hiru aukeratu ditu. Horiek gaur www.altsasu.net webgunean argitaratuko dituzte, bakoitzari buruzko informazio idatzia eta grafikoarekin.
Astelehenetik ostiralera 16 urte beteak dituzten altsasuarrek proposamenetako baten alde botoa emateko aukera izanen dute. Boto gehien lortzen dituen proposamenak lehen saria jasoko du, eta lortutako boto kopuruen arabera banatuko dira beste bi sariak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiak berdindutako proposamenei emandako puntuazioa gailenduko da. Lehen saria 2.000 eurokoa da eta 500na eurokoak bigarren eta hirugarren sariak. Irabazleari estalpe proiektua idazteko ardura emanen dio udalak. Lanaren hartzaileak bi hilabete izanen ditu gehienez proiektua idazteko. Horren eta obra zuzendaritzaren truke hartzaileak 31.278,32 euro (BEZ barne) jasoko ditu.
Estalpeaz
720 metro karratu izanen ditu, 40 metro luze eta 18 zabal. Estalpe barneko altuera librea, gutxienez, 8 metrokoa izan behar da, Altsasuko Udalak duen agertokia hartzeko aukera izan behar baitu. Altsasuko Udalak estalpea eraikitzera 607.714,1 euro bideratuko ditu. Haietatik 300.000 euro Nafarroako Gobernuaren transferentzia bidez iritsiko dira, Geroa Baik proposatutako emendakin bat onartu ondoren.