Denboraren igarotzeari buruzko filma

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko mar. 28a, 12:39
'Enero' filmaren une bat. UTZITAKOA

Filmoteka Nafarroan programaren barruan, Nafarroako emakumezko zinemagileen zikloa egin dute Iortia kultur gunean, eta gaur Ione Atenearen 'Enero' film dokumentala eskainiko dute. Bizitzaren amaieraren inguruko lana da.

Denboraren igarotzea eta heriotza dira Ione Atenea zinemagileak ikertu nahi zituen gai nagusiak. Bi protagonista agertzen dira Enero film dokumentalean, Atenearen bi amonak, Manolita eta Maria Jesus. "Beraien egunerokotasuna jarraitzen dudan bitartean, bizitari eta denborari buruzko hausnarketak agertzen dira". Gaur, martxoak 28, astelehena, 19:00etan, Atenearen film dokumentalaren emanaldia eta solasaldia izanen da Iortia kultur gunean, Filmoteka Nafarroan programaren barruan. Sarrerak euro batean eskura daitezke kultur gunearen webgunean eta txarteldegian. Programa honi esker "komertzialak" ez diren filmak Nafarroatik erakusteko aukera dute zinemagileek. Otsailean María Monreal Otano zinemagilearen Con los ojos abiertos film dokumentala izan zen.

Denbora
Ione Ateneari "txikitatik" kezkatu dio denboraren igarotzeak. "Ikertu nahi nuen nola ikusten zen bizitza zahartzen dugunean. Momentu oso berezia da heriotzaren aurreko momentu hori. Ilunabarrean dagoen argi hori bezalakoa dela uste dut". Kamararekin momentu hori harrapatu nahi zuen, "argi berezi hori". Begiratu nahi zuen nola ikusten zuten haren bi amonek pasatako bizitza, orainaldia eta etorkizuna: "Haien beldurrak, ilusioak... baita egunerokotasuna eta momentu garrantzitsuak ere, erritu pertsonalak eta kolektiboak, festak eta prozesioak, esaterako". Zahartzaroaren xamurtasuna ahaztu gabe, aspektu positiboak erakutsi nahi zituen. Transmisioaren ideia ere oso garrantzitsua zen: "Belaunaldien arteko harreman hori".

Bi urtez egon zen beraren eta haren amonen arteko harrema na grabatzen. "Nire bihozkada beraiek erretratatzea izan zen. Beraien kontrastea interesatzen zitzaidan izaera eta bizitza desberdinak izan dituztelako". Belaunaldi "oso berezi" bateko emakumeak direla argudiatu du ere, "garrantzitsua zen garai hartako emakumeei protagonismoa ematea. Frankismo garaian matxismo indartsu batean bizi izan ziren emakumeak dira, eta beti itzalean mantendu dituzte". Gizartean garrantzitsuak izan diren arren, "zainketaren bitartez gizartea mantendu dutelako"; orain arte ez zaiela kontuan hartu kritikatu du Ateneak. "Ematen zuen ez zutela ezer esateko, beraiek ere bere buruei garrantzia kentzen zioten". Baina asko zuten kontatzeko.

Amonak bisitatzera joaten zenean, beraz, kamara eramaten zuen. "Kamararen bitartez erlazionatzen nintzen". Hori guztia grabatu zuen. Hasieran ez zuen ideia argi bat, baina gero lanaren muntaketan estruktura bat aurkitu zutela eta material guztiari "zentzu eta orden" bat eman zioten.

"Nire presentzia oso handia da, kamararen atzean dagoen pertsona hori oso presente dago. Kamara oso subjektiboa da". Bere posizioa zein izango zen ere ez zen oso argia izan muntaiaren prozesura arte, "ikusi nuen oso garrantzitsua zela hor egotea, ez protagonista moduan, protagonistak haiek direlako, gidatzen duen pertsona naiz, eta bien arteko lotura".

Dokumentalaren momentu batean Ateneak bere amonari galdetzen dio ea zer den ikasi duen gauzarik handiena, "eta gero nik neure buruari galdetzen diot eta ez dakit erantzuten". Galdera zailak egiten dituela, beraz, ikasi du Enero dokumentalaren prozesuan. "Gauza asko ikasi ditut. Pelikula bat egitea prozesu oso luzea eta indartsua da". Zineari eta denborari buruz asko ikasi duela gaineratu du zinemagileak.