Futbola

Altsasuren garaipen sufritua eta merezitakoa

Guaixe 2022ko mar. 28a, 12:20

Erregional maila. Hirugarren multzoa. 24. jardunaldia: Altsasu 3 – Gazte Berriak 1

Altsasuk Antsoaingo Gazte Berriak taldea hartu zuen igande arratsaldean Dantzalekun. Partida oso borrokatua eta gogorra izan zen, gogor jotzen zuen haizeak baldintzatu zuena. Seigarren minutuan Gazte Berriak taldea aurreratu zen, baina hiru minutu beranduago Lobok bana berdintzea lortu zuen. Altsasu jokalari bat gutxiagorekin geratu zen arbitroak Ekai Urkijo atezaina kanporatu zuenean. Horrela, Erregional mailan debuta egin zuen Angel Vergara jubenil mailako atezainak, kontrako penalti batekin. Penaltia gelditu zuen, eta horrek Dantzalekuko zaleen zoramena ekarri zuen. Jokalari bat gutxiagorekin, Altsasuk ongi eutsi zuen eta 77. minutuan Salgadok 2 eta 1 aurreratu zuen Altsasu. Eta 90. minutuan Aiestaranek 3 eta 1ekoa ezarri zuen. 

Leitzako Aurrera taldeak jarraitzen du erregional mailako lider (55 puntu), hiru puntura Altsasu duela (52 puntu). Asteburuan sailkapenean hamargarren den Valle Aranguren izango du aurkari Altsasuk, Iruñerrian.