Elkartasun azokarako boluntarioak behar dira

Guaixe 2022ko mar. 31a, 12:03

Sakana Harrera Haranako kideak bihar ere ateak zabalduko dituzte arropa jasotzeko.

Apirilaren 10ean, igandean, 11:00etatik 14:00etara izanen da Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak eta Sakana Harrera Haranak antolatuta.

Otsailaren 28az geroztik, Sakana Harrera Harana elkarteko kideek ostiralero Erkuden eta Altzania kaleen bidegurutzean dagoen udal eraikina (lehengo SD Altsasu taberna) zabaltzen dute 10:00etatik 13:00etara. Han egoera onean dauden arropak, jostailuak eta bestelakoak jasotzen ari dira. Jasotako guztiari bigarren bizitza eman diote Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak eta Sakana Harrera Harana elkarteak.

Elkartasun azoka baten bidez eginen dute hori apirilaren 10ean. Eguraldiaren arabera Iortia kultur guneko zabalgunean edo Burunda frontoian izanen da azoka. Eta hura behar bezala egin dadin antolatzaileek boluntarioen laguntza behar dute. Ekimenean parte hartu nahi duenak 648 070 710 telefonora hots egin edo anitzartean@gmail.com e-postara idatzi dezakete.