Astekaria

Hirigintza plan berrirako beste pauso bat

Guaixe 2022ko api. 5a, 13:51

Altsasu zabalguneko hainbat etxebizitza. ARTXIBOA

Udalak Plan Orokor berriaren Lurraldearen Antolamendurako Estrategia eta Eredua izeneko dokumentua onartu du. Etxebizitzak garatzeko lehentasunezko eremuak Arkangoa, Mendizal eta Zelandi izanen dira. Kapitansoron industrialdea egitea aurreikusi da. 

Nafarroako Gobernuarekin 2018an hitzarmena sinatu ondoren, Altsasuko Udala hirigintza plan berria egiten hasi zen. Izan ere, “indarrean dagoen plana zaharkituta gelditu da, Nafarroan indarrean dagoen hirigintza araudi berrira egokituta ez dagoelako”, azaldu du Javier Ollo Martinez alkateak. Plan berria egiteko lehen pausoa Lurraldearen Antolamendurako Estrategia eta Eredua zehaztea izan zen. Jendaurrean jarri eta 63 ekarpen jaso zituen udala. Guztiak aztertu eta batzuk onartu ondoren, aipatu dokumentua behin betiko onartu da. 

Alkateak azaldu duenez, hirigintza plana egiteko hurrengo pausoa izanen da “Lurralde Antolaketaren Ereduak markatutako ildo nagusiak kontuan izanda, Altsasuko hirigintza xehetasun guztiekin arautzea izanen da”. Ollok argitu duenez, “gauzak ongi, orain hasitakoa hurrengo legegintzaldiaren akabera aldera bukatzea aurreikusi daiteke”.

Herria
Agiri horren bidez Altsasuren hirigintza hazkunde estrategia zehaztuta gelditu da. Neurrizko hazkundea izanen da, egungo herriaren ondoko eremuetan zabalduko da Altsasu etorkizunean, horretarako ezaugarri egokiak dituzten eremuetan, eta iparraldean dagoen goi tentsioko lineara iritsi gabe. Hazkunde hori ibilgailuendako bi norabide izanen dituen kale batek mugatuko du. Espazio horiek etxeak eraikitzeko sailkapena jasoko dute plan berrian. Udalak lehentasuna eman dio etxebizitzak Arkangoa eta Mendizal eta Zelandin dermioetan eraikitzeari. Bestalde, hilerriaren atzean herria zabaltzea baztertu da. Alkateak azaldu duenez, “alternatiba hori ekonomikoki bideragarria da merkatu egoera normal batean, erreserba gisa, hiri garapen partzialak ahalbidetzeko; izan ere, etxebizitzak hartzeko gaitasun egokia dute”. Hiri garapen horiek egiteko udalak erabaki du lehentasunezko kudeaketa sistema konpentsaziokoa izanen dela, hau da, lurjabe gehienek sustatuta. Salbuespena interes orokorra duten unitateetan izanen dira. Indarrean dagoen planean lankidetza sistemaren bidez kudeatzen da. 

Horretaz aparte, udalak garapen fasean dauden sektoreak bukatzera joko du. Zelandin proposamen bat egin zen 2009an baina hura aldatu egin beharko da eta osasun etxe inguruan eraikiko da. Lezalderako 2004an egindako plana ere aldatu beharko da. Horrekin batera, Altsasuko Udalak etxebizitza babestuak sustatzeko, jabe gisa edo interes orokorra duen aldetik, parte hartzen duen unitateen kudeaketan gidaritza hartuko du, hala, dagoen eskaerari erantzungo dioten orubeak izateko. Era berean, honako lan hauek egingo dira: udalerriak ez dituen lurrak erosi eta ekipamenduak gauzatu, ibilgailuen aparkalekuak jarri, egoera txarrean dauden sareak berritu eta bideak eta espazio publikoak berrurbanizatu edo hobetu irisgarritasun arazoak saihesteko, beti ere, ukitutako erakundeekin batera (Nafarroako Gobernua eta Adif). Bestalde, gaur egungo herria berroneratzeko eta berritzeko eraikinen birgaitzea sustatuko du udalak. 

Industrialdeak 
Ondarria, Ibarrea eta Isasia industrialdeez aparte, onartutako dokumentuak Kapitansoron, Iparraldeko autobia eta NA-1000 errepidearen artean, ekonomia jardueretarako erreserba eremu handia aurreikusten du. Ollok gogorarazi du egungo hiru industrialdeak kasik beteta daudela eta azaldu duenez, “Ekonomia Garapenerako Departamentuak oso positibotzat jo du proposamena, bai udalarendako, bai eskualdearendako. Are gehiago, interesgarria litzateke eremu handiago baten aukera aztertzea, Altsasuk eskaintzen duen trenbide konexioaren aukera kontuan hartuta”.

Bestalde, onartutako dokumentuak Zangitu eskualde sektorea baztertu du, Nafarroako Gobernuak uko egin diolako eta lur gehienak Burunda ibaiaren uholde arriskuko eremuan daudelako. Ibaiaren uholdeak eraginik ez duen eremuan ekonomia jarduerak ezartzeko aukera eremu bat proposatu da. Halako beste aukera eremu bat okindegi zaharraren eremua da, Iparraldeko autobiaren (A-1) ondoan; hirugarren sektoreko edo ostalaritzako erabilera luke.