Konpost festa bueltan da

Guaixe 2022ko api. 7a, 13:42
Konposta banatuko da atzera ere. ARTXIBOA

Larunbatean, 11:00etan, Amandrea kaleko auzokonpostagailuan. Konposta banatzeaz aparte hamaiketakoa izanen da. Informazio panela mustuko dute.

Pandemiak eragindako bi urteko etenaren ondoren, Konpost Festa ospatuko da larunbatean. Alde Zaharreko Martin Zelaia eta Javi Bergara auzokideak eta Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzua dira festaren antolatzaileak. Laugarren aldia da auzokonpostagailuaren inguruan jendea elkartuko dena. Han bertan egindako konposta jasotzeko aukera izanen da, baita Mank-eko langileek Utzubar EKO Gunetik ekarritakoa ere. Hara hurbiltzen direnek, gainera, auzokonpostagailuak nola funtzionatzen duen ikasteko aukera izanen dute. Baita mokadu bat jateko ere. 

Bergarak azaldu duenez, “pandemiarekin Mank-ek ibarreko auzokonpostagailu guztiak itxi zituen. Zabalik dauden bakarrak auzolanean kudeatzen direnak dira, hau da, Irurtzungo guztiak eta Altsasuko hau”. Bergarak azpimarratu duenez, “konpostagailu, bosgarren edukiontzi edo atez ate bidez hondakinak egoki kudeatzea auzolana da, horrela herria eta mundua zaintzen dugu”. Horregatik, hondakinak egoki bereizi eta kudeaketa arduratsua egitera deitu du. 

Konpost Festan ere mustutzea izanen da. Nafarroako Hondakin Partzuergoak Organikopa lehiaketa antolatu zuen joan den urtean. Batetik, hondakinen gaikako bilketan sentsibilizatzeko, eta, bereziki, materia organikoaren birziklatzeari bultzada emateko. Auzokonpostagailua kudeatzen duten altsasuarrek saria jaso zuten. Harekin apaingarri den hesia eta iragarki ohol handia erosi dituzte. Azken horren “alde batean auzokonpostagailuak nola funtzionatzen duen azalduko duen kartel bat jarriko dugu. Beste aldean, berriz, iragarki-taula egonen da. Azken hori Milakoloreko kideek egin zuten udan”.