Ofizioa pasio bihurtu du Elur Olabide Izquierdok (Altsasu, 1992). Istorioak sortzeko zaletasunak oholtza gainera eraman zuen, eta sorkuntza prozesuan darrai egun ere. Nafarroako Antzerki Eskolan (Iruñea) eman zituen lehen pausoak eta Madrilgo Arturo Bernal Nazioarteko Antzerki Eskolan dabil aktore profesional gisa trebatzen. Zuzendari izateko ametsari eutsiz, datorren urtean hasiko ditu ikasketak.
Zergatik aktore?
Txikitan istorioak asmatzen nituen, eta asko gustatzen zitzaidan horiek idaztea eta marraztea. 16 urterekin idazteari ekin nion, eta konturatu nintzen zuzendaritza gustatzen zitzaidala, beraz, argazkilaritza ikastea erabaki nuen; film laburrak zuzentzen hasi nintzen. Bestalde, obra bat ondo gidatzeko beharrezkoa sentitu nuen arte eszenikoen jakintza, interpretatzen jakitea hain zuzen, eta Nafarroako Antzerki Eskolan ikastea erabaki nuen.
Aktore izatea gaztetan uste zenuen bezalakoa da?
Ez. Aktore izatea ospeari loturik dagoela erakutsi digute, eta niri hori ez zitzaidan gustatzen. Antzerki eskolan sartu orduko konturatu nintzen lan handia zegoela atzetik, kanpotik ikusten ez bazen ere. Aktore ospetsuak edo telebistan agertzen diren horiek antzezle izateko bide bat besterik ez dira, baina ez bakarra. Niri antzerkia gustatzen zait; agertokian sortzen den magia hori ez da kamera baten aurrean sortzen denaren pareko. Momentuko gauza da antzerkia, aurrez aurrekoa, egunero desberdina.
Beraz, esan daiteke kasualitatez sortu zitzaizun aktore izateko grina?
Betidanik gustatu izan zait, baina izatez lotsatia naizenez kosta egiten zitzaidan hasiera batean oholtza gainera igotzea. Horregatik nahiago nuen kameraren atzean egotea, idazten eta zuzentzen. Familia izan zen interpretaziora bulkatu ninduen arrazoia. Eskerrak kasu egin nien; lehenengo minututik zaletu nintzen.
Nolakoa da Sakana bezalako eskualde batean zure ametsa egikaritzea?
Txikia da, eta ez dago ikasteko aukerarik. Taldeak ere gutxi dira, eta amateurrak gehienak, aisialdirako eraturikoak. Nik oraindik ez dut bertan profesionalki aritzeko aukerarik izan.
Orduan, ia derrigorrezkoa da hiri batera joatea?
Bai. Posible da noizbait antzeztea Sakana bezalako eskualdeetan, baina aktore famatuagoak nahiago dituzte, aretoak betetzearren. Hirietan antzoki gehiago daude eta errazagoa da, ospetsua ez bazara, batik bat.
Zure ustez, zer egin behar dute Sakanan antzerkia sustatzeko? Profesional andana egon badago...
Bai, ibarrean badaude artista dezente, esaterako, Eva Azpilicueta, Xabi Artieda…. Oso aktore onak dira. Oso zaila da gure proiektu bat aurrera eramatea zonalde horietan, ez digute kasurik egiten. Ez gaituzte asko ezagutzen, ez gara oso famatuak, beraz, errazagoa da aretoko programatzailearendako interesgarriagoak diren lanak bertaratzea. Gainera, tokiko kultur etxeetan ezagutzen dute beren publikoa, eta kontratatzen diren piezak horiei zuzendurik egon ohi dira.
Zer ikasten da antzerki eskola batean?
Antzerki eskolaren araberakoa da hori. Metodologia asko daude. Nafarroako Antzerki Eskolan, adibidez, antzerki obrak aztertzen genituen, baita interpretazioa, dantza eta ahotsa landu ere. Testu ezberdinak ahoskatzen eta proiektatzen ere ikasi genuen, abestearekin batera. Dena den, ez dago didaktika zehatzik; metodo ezberdinetatik edaten da. Nik interpretatzerakoan barrenak astintzen zizkidan horri heldu nion.
Ondoren, Madrilera joan zinen eta bertan Arturo Bernal Nazioarteko Antzerki Eskolan zaude. Antzerki gestuelean espezializatzen ari zara.
Bigarren ikasturtea eta azkena da aurtengoa. Lehenengoan ikasi genituen lan aurre espresibo baten nondik norakoak, hau da, oholtzara igo aurretik egin beharrekoak: mundua behatzen ikasten da, eta gorputzera ekartzen da hori, mugimendu abstraktuetara. Bigarren ikasturtean estilo ezberdinak ikasten dira, maskara ezberdinak baliaturik.
Nolakoa izaten ari da esperientzia?
Oso polita, baina lan handia egin behar da. Antzerkian eta eskolan dago ardazturik nire bizitza. Oso intentsua da, asko murgiltzen naiz ingurunearen ikerketa horretan. Xurgatuko banindu bezala. Estiloaren arabera, nire emozioak eta beharrak aldatuz doaz: esaterako, dramak nire gorputzarekin konektatzen nau; komedia, aldiz, jolas basatiagoa da, desioz josia. Ikaragarria da nola eraldatu nauen prozesuak. Oso praktikoa eta aktiboa da eskola hau. Sortzaile izaten ikasten da, eta egunero-egunero dihardugu horretan. Esfortzu fisiko eta psikologiko handia eskatzen du.
Ikasteaz gain, lanean ere bazabiltza zure Lilura Teatro konpainiarekin. El Cabaret Deformado izan da zure azken proiektua.
Bi lagunekin batera sortu nuen taldea, Iruñean. Horretan aritu naiz urrira arte, eta lehenago Nafarroako Antzerki Eskolako gradu amaierako lanarekin ere ibili naiz bueltaka, Eché mi corazón a freir en la sartén obra antzezten. Dena den, orain ez nabil lanean. Ez dut denborarik Madrilen ikasi eta Nafarroan lan egiteko. Hori bai, ostiralero lan pertsonal bat aurkezten dugu Arturo Bernalen eskolan, eta, ondoren, hilabetean behin publikoaren aurrera eramaten ditugu horiek, funtzionatzen duten ala ez frogatzeko. Sormenean oso murgildurik nago.
Blokeoak ugariak izaten dira?
Aste honetan izan dut bat (barrez). Artzain baten maskara erdi batekin egokitu zitzaidan antzeztea, baina nire energia nabarmenegia zen, eta horrek pertsonaia itxuragabetu zuen. Blokeo egoera batean sartu nintzen, norberaren izaeratik aldendu behar baita maskara.
Nola egiten diezu aurre?
Momentuaren arabera. Aste honetan gertaturikoaren harira, klasetik irten eta ordu erdiz egon nintzen negarrez. Pixkanaka onartzea eta gauzak etengabe frogatzea da kontua, jolastea.
Ikasitakoa hainbatetan Sakana ekarri duzu bertako elkarterekin antzerki tailerrak eta proiektuak eginez, adibidez, Milakolorekin. Nolakoa izan da esperientzia hori?
Asko gustatu zait. Erronka bat da niretzat, noraino naizen gai iristeko, kontzeptuak azaltzeko… Polita da ikustea hain barneraturik ditudan gauzak gainerako pertsonek nola jasotzen edota jolasten dituzten. Gerora aktore gisa baliagarriak zaizkidan gauza asko ikasi ditut haiekin.
Antzerkian aritu zara gehienbat. Zergatik? Arte eszenikoei loturiko beste diziplina bat probatu nahi duzu?
Askotan pentsatu dut abeslari izatea, baina ez dut ondo abesten (barrez). Dantzatzea gustatzen zait, baina ez ikasketa akademiko bat egiteraino. Antzerkian jarraituko nuke. Nire asmoa da datorren ikasturtean zuzendaritza ikastea.
Nola ikusten duzu zeure burua profesionalki etorkizunean?
Istorioak sortzea atsegin dut, kreazio momentua… kontatu nahi dudan zerbait eszenatokira eramatea. Prozesu hori oso magikoa da, beraz gustatuko litzaidake konpainia propio bat edukitzea, nire proiektu pertsonalak gauzatzeko, zuzendari eta aktore gisa arituz.