Arte espazioak okupatzen

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko api. 6a, 13:45

Jone Rubio Mazkiaran 'Uholdeak' erakusketan.

Jone Rubio Mazkiaran altsasuarra da Nafarroan arte garaikidea sustatzeko 'Uholdeak' programaren aurtengo komisarioa. Uharte Zentroan emakumeen presentzia kale espazioan inguruko lana egin zuen, eta horretan oinarritu du erakusketa eta ekimena.

Algebran X-a oraindik balore jakinik ez duen zenbaki bat da; ekuazioen bidez asmatzen dena. Lengoaian, aldiz, X letra izen baten ordezkoa da. Jone Rubio Mazkiaran arte historialari altsasuarrak balore berria eman dio, Uholdeak: X hau ez da okupatzen proiektuan: "Jolas bat ere bada, anbiguetateari lotuta. Gorputz bat izan daiteke, espazio bat, etxe bat, herri bat...". Uholdeak programak arte garaikidea Nafarroan zabaltzea eta sustatzea du helburu, herritarrei iristea eta ulertaraztea, eta aurten komisarioa edo kuradorea Rubio da. Katalogoan idatzi duen bezala: "X hau dimentsio afektiboa da, nolabait, oroimen indibidual eta, aldi berean, kolektiboak erakartzeko saiakera egiten duena. Topagunea izatea gustatuko litzaidake". Besteak beste, ekimenaren barruan Iortia kultur gunean erakusketa mustu zuen aurreko ostegunean, apirilaren 28ra arte ikusgai egonen dena.

Komisariotza
Uholdeak Uharte Arte Garaikideko Zentroak Nafarroako Kutxa Fundazioak eta Gizarte-ekintzako La Caixak bultzatutako programa bat da. Hirugarren edizioa da aurtengoa, eta arte garaikidea Iruñerritik ateratzeko asmoarekin, Agoitzen, Altsasun eta Tafallan erakusketa ibiltaria antolatzen dute, baita arte garaikideari lotutako zenbait arte ekimen ere. "Aurreko urtean Uharte Zentroan ikerketa egonaldi bat egin nuen. Emakumeek espazio publikoetan 1970 eta 1980ko hamarkadetan zuten presentzia ikertu nuen". Horren harira arte garaikideko zentroan interesa piztu zitzaien, "eta kontaktua mantendu genuen". Rubiok ere Berria egunkarian arte kritikak idazten zituen, "eta egun batean Nerea de Diegok esan zidan ea Uholdeak programaren hurrengo komisarioa izan nahi nuen". "Ai ene!" izan zen Rubiok pentsatu zuen lehenengo gauza.

Komisario hitza entzuten, jendeak pentsatzen duen lehenengo gauza poliziaren burua da. "Gainera, hemen Nafarroan ez dago guztiz barneratuta. Bartzelonan eta Madrilen, agian, ezagunagoa da. Baina hemen ez". Arteari lotutako gai zehatz baten inguruan ikerketa egiten duen pertsona da, "gai hori lantzen dituzten artistak bilatzen dituena". Artelan horiek espazio batera nola egokitu eta erakusketa ulertzeko istorioa osatzen du komisarioak ere, "baita saretzea ere garrantzitsua da". Kuradore hitza erabiltzen du Rubiok: "Ingelerako curator hitzatik dator, eta ulertzen da erakusketa edo artelan batzuk zaintzen dituena bezala". Programa kuratorialak, beraz, artelanak zaintzea eta erakusketak prestatzean datza, baita horren inguruan ikastaroak, emanaldiak eta artea "zabaltzeko eta helarazteko" bestelako jarduerak antolatzea ere.

Uholdeak programaren helburua arte garaikidea herrialdean zabaltzea eta publikora eramatea ez ezik, komisarioaren papera ikustaraztea ere badela azaldu du Rubiok. "Iruñean, esaterako, erakusketa gehienak ez daude komisariatuak. Hau gutxienetarikoa da. Interesgarria da zuk egituratzen dituzulako artisten lanak, elkarrekin zerbait kontatzeko". Erakusketa kolektiboetan normalean artelan bat iskin batean egoten dela, eta beste bat bestean, "inolako loturarik gabe" egoten direla azaldu du altsasuarrak. "Jendeak ez du ulertzen".

Uholdeak: X hau ez da okupatzen erakusketa egiteko Rubiori zenbait artisten lanak interesatzen zitzaizkion. "Pila bat gelditu gara egokitzeko. Nik ikerketaren ildoaren testuak pasatzen nizkien, eta guztiok elkarrekin gelditu ginen dena ehuntzeko". Artelan guztien artean lotura eta istorio bat dago.

Hiru ildo
Hasiera batean hiru ildo nagusi lantzea erabaki zuen Rubiok: gorputza, espazioa eta memoria feminista. Ildo horiekin bat egiten zuten artistak bilatu zituen: "Elkartu ginen, loturak bilatzen egon ginen eta nire interpretazio bat egin dut. Gero erakusketara etortzen denak beste interpretazio bat egin dezake. Baina, gai nagusia, nolabaiteko burujabetza prozesu bat da".

Erakusketan sartzen Mireya Martín Larumberen lana dago. Itxuraz hautsitako bi arrautz handi dira. "Transformazio bati egiten dio erreferentzia. Gorputza dena eta ez dena, orain zarena...". Ione Atenearen lanak memoriari buruz hitz egiten du. "Berak okupatu zuen etxe batean aurkitu zituen objektuei buruz hitz egiten du. Horietan aurkitu zuen beste pertsona batzuen bizitza, eta, azkenean, pertsona horiek frankismo garaian bestelako mundu bat sortu zuten. Ihespuntuak aurkitu zituzten". Etxe horretan aurkitutako zenbait objektu eta filma ikus daitezke erakusketan.

Ione Atenearen instalazioa Andrea Ganuzaren lanarekin lotzea "interesgarria" dela esan du Rubiok. Mezu indartsuak helarazten dituzten kartelak aurkeztu ditu artistak. "Kasu honetan ihespuntua nahiko katartikoa da", eta kontrastea egiten du Celia Eslavaren ahoekin. Zorutik zintzilik dauden ahoak dira, "berak emakumeen ahoen moldeak egin zituzten, batzuk jazarpena jaso zuten emakumeenak dira". Arte lan batek besteari hitz egiten dio. Ahoen ondoan portzalenazko zibak, tabak eta abar daude. "Jostailuek txikitatik jasotzen ditugun normatibitate arauei eta estereotipoei erreferentzia egiten die". Erakusketa amaitzeko Aizpea de Atxaren hitzak daude: "Azken esaldiak argi uzten du: Bizi naizen tokian formarik gabeko pertsonek zailtasunez aurkituko dute toki bat".

"Badirudi eraskusketa bat egitea hilabete bateko gauza dela, baina urte bat eman dut honetan lanean". Artistak bilatzeko, besteak beste, Uharte Arte Garaikideko Zentorak dituen artxiboetan "bilatuz eta bilatuz" ezagutu ditu. Celia Eslavaren kasuan, esaterako, ikerketa egonaldia egin zuenean ezagutu zuen eta bere lana Nafarroako Museoan ikusi zuen, "oso ondo elkar ulertu genuen". Aizpea de Atxa ere aurretik ezagutzen zuen, "eta bere lana interesatzen zitzaidan". Emaitza interesgarria da.

Rubio gauza "nahiko zehatzak eta irakurtzeko errazak" bilatzen saiatu da; hortaz, gehienak figuratiboak dira: eskultura, hitzak eta abar. "Azkenean helburua arte garaikideari irekiera egitea da, eta jendeak ulertarazteko modu desberdinetan estimulatu behar dugu".

Arte garaikideaz
Uholdeak-en barruan komisarioak kontzertu bat, dantza emanaldia, bertso saioak, performance bat eta kartel tailerrak antolatu ditu. Altsasun egon aurretik, programa Agoitzen egon zen eta, ondoren, Tafallan izanen da. "Azkenean horiek ere badirelako arte garaikidea, ezta? Artea demokratizazio batera jotzeko modu bat da". Arte plastikoak "zailtasun intelektual batekin" lotu izan dira, "askotan jendearengandik urrun gelditzen da", baina arte garaikidea dantzarekin, musikarekin edo bertsolaritzarekin lotzean, artea herrira gertutzerako modu bat da. "Azkenean, sorkuntza garaikideak dira, gaur egun egindakoak, eta diziplina bat ez da bestea baino gehiago". Loturak eta elkarloturak bilatzea eta sortzea da gakoa.

Arte emanaldi eta ekimen hauek antolatzeko orduan, Rubiok herri edo zonalde bakoitzean sormena lantzen duten taldeak bilatu zituen. Horrela, Ibil Bedi taldeko Ibai Irunberrikoa da, Agoitzetik gertu dagoen herria, eta Tafallan herriko Artafandula taldeak emanaldia eginen du. Altsasun Sutan taldeak ikuskizuna egin zuen. Alde batetik, jendea artera gerturatzeko modu bat da, bestetik, herriko taldeen lana balorean jartzen dute, eta "interesgarria iruditzen zitzaidan aurkeztea gorpuzkeratik abiaturiko arte adierazpenak era desberdinetan": Musika Ibil bedirekin, ekintza performatiboak Artafrandularekin eta dantza Sutan-en kasuan.

Dantza eta bertsoa
Sutan dantza taldea 2018an sortu zuten Altsasuko hiru dantzarik. Dantza garaikidea oinarri dute, baina zenbait estilorekin uztartzen dute. Su (arte)an ikuskizuna aurkeztu zuten ostiralean Iortia kultur gunean egindako emanaldian. Taldearen lehenengo ikuskizun luzea zen, eta dantzariak Uholdeak: X hau ez da okupatzen erakusketaren ildo nagusietan oinarritu ziren lana sortzeko orduan. "Dantzaren bitartez, emakume eta suaren arteko harremana eraldatuko da. Su bihurtuko gara, hori baikara gu: sorkuntza", zihoen banatutako eskuorriak. Emanaldian, beraz, emakumeek historian zehar jasandako jazarpen mota desberdinak dantzaren bidez erakutsi zituzten, eta ahizpatasun eta elkartasun mezuarekin amaitu zuten.


Sutan taldeak 'Su (arte)an' emanaldia eskaini zuen. MAITE MARTINEZ

"Bertsolaritza ere garaikidea bada, eta nik uste orain puntu oso interesgarri batean dagoela. Ari dira gauza asko sortzen eta, horren harira, bertsolaritzarekiko perspektiba berri bat eskaintzen da". Programaren barruan apirilaren 8an, 19:00etan, Iortia kultur guneko erakusketa gelan, Sarai Robles, Idoia Granizo altsasuarra eta Alazne Untxalo bertsolariek bertso saioa eginen dute. Gai jartzaileak Rubio eta Usua Martínez izanen dira. "Aurten hasi naiz bertsoarekin, bertso munduan. Irakasle izateko masterra egiten ari niaz eta hor Idoia Granizo ezagutu nuen. Hasi ginen bertso eskolan eta mobida batzuk egin ditugu elkarrekin. Hausnartzen pentsatu nuen oso interesgarria zela bisita gidatu bat egitea, bertsolaritzatik abiatuta". Bertsolaritzan "performance" oso zuzen bat bezalakoa dela azaldu du. "Gai bat planteatzen duzu eta botatzen dute bertsoa. Gai horren inguruan hausnarketa sortzen dute". Agoitzen egin zuen, eta "oso ondo" geratu zela esan du.

Esperientzia
Uholdeak programaren komisariotza eramatea "bizia eta gogorra" izan dela adierazi du Rubiok. Lan ordu asko izan dira, "ikertzen eta abar", eta bidean artista eta jende interesgarri asko ezagutzen ari dela esan du. "Alde horretatik, oso ondo". Baina, bestetik, neska gaztea izanda eta "horrela agentzia bat atzean izatea...", beldur pixka bat sorrarazten ziola aitortu du. "Egon daitezkeen kritikei ere nolabaiteko beldurra". Erakusketa apirilaren 28ra arte izanen da Altsasun eta apirilaren 23an Andrea Ganuzaren Kartel tailerra eginen dute, 11:30etik 13:30era, Iortia kultur guneko erakusketa aretoan. Ondoren, Tafallan mustuko du ekimena. Programaren barruan ere Irene Holguínekin katalogoa landu du, eta emaitza ona izan dela esan du. "Idaztea gustatu zait ere". Artearen munduan jarraitzea gustatuko litzaioke, eta orain doktoretza egiten ari da Rubio, "performanceari buruz ikertzen ari naiz".

Erlazionatuak