Futbola

Altsasu da lider berria

Guaixe 2022ko api. 5a, 11:00

Erregional maila. Hirugarren multzoa: Valle Aranguren 1 – Altsasu 2

Altsasuk sufritutako garaipena lortu zuen Valle Aranguren taldearen kontra, baina hiru puntu baino askoz ere gehiago balio izan zuena: lidergoa lortzea. Ongi hasi ziren bi taldeak eta 25. minutuan Eneko Verak Altsasuko markagailua mustu zuen. Bi taldeak saiatu ziren, baina Altsasuk 0 eta 1 irabazten zuela joan ziren bi taldeak atsedenaldira. Bigarren zatian partida itxi nahi zuen Altsasuk, baina kosta zitzaion, 53. minutuan Imanol Lobok Altsasuren bigarren gola sartu arte. Valle Arangurenek ez zuen etsi eta 82. minutuan sartutako golarekin 1 eta 2 hurbildu zen Iruñerriko taldea, baina Altsasuk ongi eutsi zuen eta urrezko hiru puntuak poltsikoratu zituen. 

Altsasu da erregional mailako hirugarren multzoko lider berria (55 puntu), bigarren den Aurrera taldearekin puntutara berdinduta. Aurrerak eta Arrotxapeak jokatu beharreko partida atzeratu egin zen eta, hortaz, partida bat gutxiago du talde leitzarrak. Datorren jardunaldian Altsasuk sailkapenean bederatzigarren den Asdefor talde hartuko du Dantzalekun, lehen faseko azken partidan. Gerta zer gerta, Altsasu igoera faserako sailkatuta dago.