Super ekoizpenaren produkzio taldeko kidea da altsasuarra.
1. Zertan zabiltzate Erriberrin?
Duela urte batzuk Vampire Academy deitutako liburu saga bat publikatu zuten Amerikako Estatu Batuetan eta arrakasta handia izan zuen. Hiru liburu dira. Arrakasta hori ikusita Julie Plec eta Marguerite MacIntyre, sekulako emakumeak direnak, telesaila egitea erabaki zuten. Hasieran, lehenengo denboraldia egitea erabaki zuten, eta gero ikusiko zuten nola zihoan. Telesaila Vampire Academy da, nerabeei bideratutako drama bat. Protagonista Rose da, erdi gizakia erdi banpiroa da, eta bere helburua Lisa, bere lagun printzesa, babestea da. Banpiro onak eta gaiztoak daude, eta haien arteko erlazioak.
2. Zer egiten du fikzio estatubatuar batek Nafarroan?
Egia da gertatzen den lehenengo aldia dela. Ez da ohikoena horrelako superprodukzio estatubatuar bat, hau Universal-ekoa da, hainbeste denboraz hemen geratzea. Normalean aste batzuk gauza puntualak grabatzera etortzen dira.
3. Nola iritsi zara?
Ni telebistan lanean aritu naiz urte batzuk, baina nire ikasketak zinemari lotuta zeuden. Nire lehendabiziko aukera fikzioan duela urte bat suertatu zitzaidan, Iruñean. Eta, mundu hau, guztia bezalakoa da: jendea ezagutzen duzu... Deitu ninduten aurreko udan, abuztuan, eta produkzio departamentuan lan egiteko aukera sortu zitzaidan. Baiezkoa eman, eta ordutik hemen nabil. Produkzio lanak egiten ditut, gehienbat bulego lana. Arduratzen gara telesailaren hasieratik bukaeraraino antolatuta egon dadin: baimenak, kontratuak, hotelak... Zenbakiak.
4. Zenbat denborarako etorri da?
Ni abuztuan hasi nintzen, errodajea hasi aurretik. Irailean hasi ziren grabatzen, eta hau lehendabiziko denboraldia da. Abuztu aldera emitituko dute AEBtan. Ongi ateratzen bada, datorren urtera begira, 2023ra begira, bigarren denboraldia grabatuko lukete, eta hirugarren denboraldia hurrengo urtean. Hiru urterako izan daiteke, hiru denboraldi izan daitezke.
5. Dena Erriberrin egiten da?
Herrialde asko bisitatu zituzten proposamenak bilatzen. Gaztelu bat behar zuten, banpiro akademia izateko, eta zuzendariek leku aproposa aurkitu zuten Erriberrin: bertan gaztelua dago eta parean monasterio bat, hutsik. Franciscanoen monasterioa da gure egoitza. Bertan bulegoak ditugu, errodajeko set nagusiak hutsetik arte departamentuak egin dituenak eta abar. Nafarroatik ere mugitu gara, Bertiz, Antsoain, Deikaztelu, Viana... Baita Donostian eta Portugalen ere egon gara. Baina telesailaren %80 hemen izango da.
6. Zenbat langile zaudete?
Egunero 400 edo 500 bat gabiltza. Sortzen diren beharren arabera jendea kontratatzen dute. Estatu osotik etorritako jendea dago. Egia da Euskal Herriko jende gutxiago gaudela, baina normalean 300 bat. 600 izatera iritsi gara noizbait.
7. Nola hartu dute Erriberrin?
Hasieran, emozioarekin hartu zuten. Baina hainbeste hilabete ondoren pisutsua egiten ari zaie. Beraiendako sekulako aukera izan da ere, ekonomikoki, dirua utzi duelako, eta gero sagak arrakasta handia izan duelako eta jendea etorriko delako. Dagoeneko gerturatu da jendea. Grabaketak eta turismoa ongi uztartzen ari gara. Horretarako ekipo oso on bat dago. Aste Santuko oporretarako bukatuko dugu eta dena libre utziko dugu.
8. Aktoreekin harremana izan duzu?
Aktoreak oso gazteak dira eta taldeko beste gazteekin harremana izatea eragiten du. Bulegoko lanak asko mugatzen nau eta ez ditut asko ikusten, baina asteburuetan taldekide askorekin elkartzen dira festa giroan, eta lagunak direla esan daiteke.
9. Nolakoa da zure egun bat?
Oso gogorra izaten da. Ordu asko dira. Goizean goiz makillaje eta ileapaindegiarekin hasten dira, eta hortik aurrera hamaika edo hamabi ordu izaten dira. Fikzioaren mundu honetan minutuak oso garestiak dira, eta dena kontrolpean eraman behar da. Lana gogortzen du. Talde lana oso garrantzitsua da, baten eginkizunak hurrengoak ez badu jarraitzen, ez du ezertarako balio.
10. Proiektuan jarraituko al duzu?
Bigarren denboraldia badago, badakit deituko nautela. Nahiago dute aurretik egon den jendea kontratatzea, dena ezagutzen dugulako. Baina kontua da ohartu naizela etorkizun luze batean ez dakizula non egongo zaren. Izan daiteke libre egotea, edo ez.
11. Zer da onena? Eta txarrena?
Lehendabiziko gauza da lanera gustura etortzea, eta etxean nagoela. Hilabete asko izan dira eta ordu asko; bizimodu bat da. Horrela planteatu nuen, eta esperientzia abesgarria izaten ari da. Kanpotik dirudi mundu ideal bat dela zinemarena, baina baditu bere gauza txarrak. Alde batetik, ordu asko direla eta egunerokotasuna mugatzen dizula. Bestea da proiektuka bizi behar zarela. Hau bukatzean ez dakizu non jarraituko duzun lanean.