Basoitxin gelditutako adarrak hartu daitezke

Guaixe 2022ko api. 18a, 11:14
Basoitxiko ikuspegia baso aprobetxamenduaren ondoren.

Horretarako udaletxean eskabidea aurkeztu beharko da maiatzaren 6a baino lehen. Eskabideak aztertu ondoren, eta eskabideak aurkezteko hurrenkeraren arabera, dagokion egurra kentzeko baimenak emanen ditu udalak.

Baso aprobetxamendua bukatu ondoren, eta Nafarroako Gobernuko Oihan eta Ehiza Zerbitzuko zuzendariak oniritzia jasota, altsasuarrek Basoitxin geratu diren adarrak hartzeko aukera izanen dute. Horretarako, udaletxean edo udalaren erregistro elektronikoaren bidez eskabidea aurkeztu beharko dute adar horietan interesa dutenek. 

Haritz amerikarren adar horiek eskuratu nahi dituztenek lau baldintza bete beharko dituzte. Aurrena, adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adin txikikoa izatea. Hurrena, udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 3 urteko antzinatasunarekin. Gainera, Altsasun urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea. Eta, atzena, Altsasuko Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea.