Elkartasunari maila askotan ekiteko hitzordua

Guaixe 2022ko api. 8a, 13:50

Juan Pedro Higuero, Begoña Zestau eta Josu Rubio azokatik pasatzeko gonbidapena egin zuten.

Igandean, 11:00etatik 14:00etara, kultur gune pareko zabalgunean elkartasun azoka izanen da. Salmenta, giza eskubideen, zurrumurruen kontrako, hausnarketarako, ama hizkuntzen berri izateko, elkarteen eta jolasen txokoak izanen dira.

Sakanako Mankomunitatearen Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak Elkar ezagutu eta onartu, elkar(r)ekin ongi bizitzeko proiektua garatu zuen. Horren baitan, Anitzarteanek eta Sakana Harrera Haranak (SHH) Ongi etorri elkartasun hamabostaldia antolatu zuten joan den urtean, eta orduan jaso zuten proposamenetako bat izan zen elkartasun azoka bat antolatzea. Igandeko ekitaldia zerbitzuaren Sakanan(h)itza proiektuaren baitan txertatu da. 

Begoña Zestau Baraibar kulturartekotasun teknikariak azaldu duenez, azokak hainbat helburu ditu. Batetik, “etxean ditugun, erabiltzen ez ditugun eta egoeran onean dauden arropa eta objektuak berrerabiltzea. Beste bizi bat ematea, baina bizi solidarioa, azokaren egunean salmentan jarriz”. Sakana Harrera Haranako kideek otsailaren 28an geroztik bilketa egin dute Altsasuko Udalak utzitako egoitza batean. Juan Pedro Higuerok eta Josu Rubiok azaldu dutenez, “lehendabiziko urtea izateko bilketa nahiko ongi atera da. Hurrengo urterako leku handiago bat  beharko dugu, aurten nahikoa bete dugulako”. Denetarik jaso dutela azaldu dute: liburuak, jostailuak, arropa… 

Zestauk esan duenez, “prezio merkean gauza horiek salduz, etxeko ekonomia egoera ahulean dutenei gauzak eskuratzeko erraztasunak eman nahi dizkiegu”. Gaineratu duenez, “azokan salduko ez litzatekeen zerbait geldituko balitz Iruñeko Elkarri Laguntza elkarteari emanen liokete. Argitu dutenez, elkartasun azokarekin lortutako dirua SHHren jarduerak finantzatzera bideratuko dira. Zerbitzuak sustatuta sortu zen SHH 2017an eta hainbat sakandarrez osatutako sarea sortu dute. Igandeko azoka modukoaz aparte, erakusketak antolatu dituzte, adingabe migratuendako harrera mahaian parte hartu dute eta bestelakoak egin dituzte. SHH, besteak beste, pertsonen mugimendu librerako eskubidea aldarrikatzen du, eta Sakanan pertsona guztiak ongi etorriak direla diote. Haiekin harremanetan jartzeko igandean azokatik pasa edo bestela sakanaharreraharana@gmail.com. Facebook-en ere profila badute. 

Azoka, eta gehiago 
Igandean Iortia kultur gune paretik pasatzen direnek azokaz aparte goiza pasatzeko hainbat txoko opatuko dituzte. “Zertarako? Ba, elkar ezagutzeko, estereotipoa eta aurreiritziekin hausteko, aniztasunaz jabetzeko eta zurrumurruak desaktibatzen joateko”, azaldu du teknikariak. Hala, elkartasun azokatik pasatzen denak Anitzartean zerbitzuak sortu duen kulturarteko elkarbizitzarako dekalogoa ezagutzeko aukera izanen du. 

Gainera, hainbat txoko izanen dira. Zurrumurruen gunean esamesa mota horien inguruan hausnartzera gonbidatzen duen espazioa. Giza eskubideen unibertsaltasunaz eta urraketaz hausnartzeko beste txoko bat ere prestatuko dute Help-NA elkartekoek igandean. Hausnarketarako gunean, berriz, pentsarazteko hainbat galdera eta irudi izanen dira. 

Ukraina ere presente izanen da igandeko ekitaldian. “Egoki da haiekiko elkartasuna adieraztea, baina baita munduko bestea hainbat eta hainbat gatazka, bidegabekeria eta eskubide urraketa ere: Palestina, Sahara, Yemen, Mali, Kongo, Etiopia, Afganistan… Horiek ere presente ditugu”, argitu du Zestauk. Azokan sakandarrei hitza emanen zaie, baita dakarzkiten ama hizkuntzei ere. Hau da, minorizaturikoei elkartasuna eta keinua adieraziaz. “Horretarako aman hizkuntzen txokoa, eta hainbat jolas izanen dira”. Gainera gaur ijito herriaren nazioarteko eguna da eta haiek ere nolabaiteko presentzia izanen dute. Gainera, aniztasunaren okaren jolasean jolasteko eta ikasteko aukera izanen da, baita munduko eta antzinako jolasetan aritzeko ere.