Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) Psikologia Sailak www.gunetuz.ueu.eus webgunea sortu du. Psikologoen sarea osatu eta psikologo lanean lagungarri diren tresnak eskaintzeko bitarteko berria da GuNETuz; bai eta gizarteari psikologiarekin zerikusia duten baliabide eta ezagutza baliagarriak eskaintzeko asmoa duen eremua ere. Hainbat arlotako psikologoak daude proiektuaren atzean: arlo akademikoan, irakaskuntzan edota ikerketan dihardutenak, arlo profesionalean lanean ari direnak ere.
Webgunearen atzoko aurkezpen prentsaurrekoan parte hartu zuten: Kepa Sarasolak, UEUko zuzendariak; Luixa Reizabalek, UEUko Psikologia sailburuak; Eneko Mendiluzek, UEUko Psikologia sailburuak; Ana Novoa psikologoak eta Nour Hajemek, psikologia ikasleak. Mendiluze eta Hajem altsasuarrak dira.
Sei atal
GuNETuz webguneak sei ataletan antolatuta dago. Batetik, Foroa dago, hitz eta putz aritzeko eta elkar ikusteko aukera. Albistegia atalak, berriz, albisteen bilduma eskainiko du. Horiekin batera
Eskaintzak izeneko atala du, zeinetan ikastaro eta lan eskaintzen berri ematen den. Bestetik, Psikologia atalean argitalpenak, galdetegien itzulpenak, ikerketak, orientazioa, eragileak eta bideoak opatzeko aukera izanen da. Webgunean sartzen denak Parekidetasuna atalarekin ere topo eginen du. Han genero parekidetasuna sustatzeko egun dauden webguneak, bideoak, esku-hartzeak eta bestelako baliabideak daude. Azkenik, Baliabideak atalean euskarazko datu baseak, sare sozialak, webguneak, eta euskararen erabilera tekniko eta egokirako tresnak eskaintzen dira.
Adierazpenak
Kepa Sarasolak, UEUko zuzendariak atzo aurkeztz zuten proiektuaren garrantzia azpimarratu zuen: “UEUren egiteko garrantzitsuenetako bat da euskal zientzia komunitatearendako topaguneak sortzea. Aditu, ikertzaile, irakasle eta ikasle euskaldunak sakabanatuta egoten dira eta UEUrendako ezinbestekoa da horiek guztiak elkar eragin dezaten guneak ematea elkarren berri izan, beharrak aztertu, eztabaidatu eta modu honetara proiektu berriak sortzeko baliatzeko”. Horretaz aparte, GuNETuz alorreko profesionalak euskalduntzeko akuilua izango dela azpimarratu zuen: “UEUn badaukagu erronka eta erantzukizuna lan mundua euskalduntzeko, euskara estandarizatzeko alor honetan ere. GuNETuz bide horretan pausu handi bat izango da, zalantzarik gabe”.
Luixa Reizabal irakasle, ikertzaile eta UEUko Psikologia sailburuaren esanetan, 2019an UEUren Udako Ikastaroen baitan egin zen Psikologo euskaldunen III. Topaketan agerian geratu zen ezinbestekoa zela psikologia zein euskararen arteko sarea osatzea: “premiazkotzat hartu genuen psikologia euskalduna egiten ari garenon lana bistaratu eta partekatzea; hauspotzea, azken batean. Zorionez, behar horiei guztiei erantzuteko tresna sortu da gaur, apirilaren 7an: GuNETuz webgunea, hain zuzen ere. Gaurko eguna ez dugu ausaz erabaki, ezta webgunearen izena ere. Batetik, datari helduz, apirilaren 7a Osasunaren Nazioarteko Egun bezala izendatua da. Maiz, osasunaz mintzo garenean, fokua soilik alderdi fisikoan jartzen dugu. Hala eta guztiz ere, aintzat hartu behar da halabeharrez osasuna ongizate fisikoa ez ezik, mentala eta soziala ere badela. Beraz, osasunaren izaeraren osotasuna aldarrikatzeko asmoz aurkezten dugu gaurko egunez egitasmo hau. Bestalde, webgunearen izenari dagokionez, bere izana agerian utziko zuen deitura jarri nahi genion. Izan ere, psikologo euskaldunak saretzen (-NET) dituen gunea da GuNETuz, bakarra bere alorrean”.
Eneko Mendiluze psikologoa eta UEUko Psikologia sailburuak GuNETuz-ek psikologo euskaldunendako haratago, euskal gizarteari egingo dion ekarpena esanguratsua izango dela adierazi zuen: “bilgunea izango da, psikologiarekin edo lotutako bestelako diziplinetan lanean diharduten profesional, ikasle zein erabiltzaileen bilgunea, hain zuzen. Berdinki, euskaraz eta euskalduna izango da, euskara hutsean izango baita eta bertan euskaldunok hartuko dugulako parte. Gainera, euskararen erabilera zuzenerako baliabideak eskaintzen ditu. Bestalde, psikologia osatzen duten arlo ezberdinekin zerikusia duten ezagutzak hedatuko direnez webgunearen bitartez, dibulgaziorako aproposa da. Horren harira, besteak beste, psikologiaren arlo ezberdinekin zerikusia duten euskaraz egindako argitalpen, albiste, esku-hartze, teoria zein antzekoak partekatuko direnez, berritzailea ere izango da. Era berean, psikologo, aditu eta euskaldunentzat orain arte izan ez duten erreferentziazko euskarria izango da. Aurretik aipatutakoen harira, beraz, ezin uka daiteke parte-hartzailea izango dela, aipatutako komunitateari zuzendutako proposamena izanik, beraien inplikazioa bilatuko delako”.
Ana Novoa irakasle eta ikertzaileak GuNETuz informala eta, aldi berean, formala izango dela azpimarratu zuen: “izaera informaleko zein formaleko parte-hartzea gauzatzeko bideak izango ditu eta erabiltzaileen beharrei egokitzeko aukera emango du, gunea bizirik mantenduz. Intuitibo eta erabilerraza izango da baita, profil desberdinetako psikologoengana iritsi ahal izateko. Azken batean, lankidetzan oinarrituta egingo da, unibertsitate, iker-talde, erakunde edota eragileen arteko elkarlana sustatzeko. Bide horretan jarraituz, formazio sustatzailea izango da, psikologo euskaldunen arteko formazio kanalak sortu, autoformazioa bultzatu eta ezagutzak partekatzeko komunikaziorako espazioa izango baitu. Azkenik, parekidetzailea izango da, generoen arteko parekidetasuna sustatzea izango delako GuNETuz-en oinarrietako bat. Laburbilduz, munduko edozein txokotan dauden psikologiaren arlo ezberdinetako euskal psikologoen komunitate birtuala sortzea ekarriko du webguneak”.