Txirrindularitza

Asteburu txirrindulazalea Altsasun

Guaixe 2022ko api. 8a, 11:29

Erramu Trofeoaren irteera. ARTXIBOA

Larunbatean kadeteen 34. Burunda Trofeoa jokatuko da 16:00etatik aurrera eta igandean juniorren 63. Erramu Trofeoa, 10:30ean. Kadeteek Altamira behin igo beharko dute, eta juniorrek hirutan, azken biak segidan

Txirrindulazaleek asteburuan hitzordu bikoitza dute Altsasun. Larunbatean, apirilak 9, 16:00etan Burunda Txirrindularitza Taldeak antolatutako 34. Burunda Trofeoa abiatuko da. 51 kilometroko proba Iortia zabalgunetik abiatuko da eta Ziordia eta Bakaiku artean jokatuko da. Txirrindulariek Altamira behin igo beharko dute, 38,5 kilometroan, eta helmuga Altsasuko udaletxe parean izango dute. Helmugaratzea 17:15etik aurrera izango dela aurreikusten da. 

Altamira hirutan, azken biak segidan
Aldiz, igandean junior mailako txirrindulariak izango dira Altsasun bilduko direnak, 63. Erramu Trofeo beteranoa jokatzeko. Lasterketa Altsasu Kirol Elkarteak antolatzen duenez, elkartearen egoitzatik aterako da, Altzania kaletik, goizeko 10:30ean. Tropelak 88 kilometro ditu aurretik. 

Altsasu Kirol Elkarteko txirrindularitza ataleko arduradun Felix Mazkiaranek aipatu duenez, gutxi gorabehera azkenaldiko ibilbidea izango du probak. Altsasuko Josefina Arregitik Institutu arteko errepidera sartuta, Basomuturren atera eta San Pedrotik Urdiainera helduta atzera ere Altsasura heltzeko zirkuitu hori sarritan errepikatuko da. Horretaz gain, tropela ere Zegamako bidegurutzeraino helduko da, eta Altamira hirutan igoko du, baina aldaketa nabarmen batekin. “Azkeneko 30 kilometrotan egingo dira Altamirako hiru igoerak, eta joan zen urteko berrikuntza jarraituz, azken bi igoerak segidan egingo dira. Hau da, Altsasutik Altamirara igoko da, Olaztitik jaitsi, eta segidan Altsasuko aldetik berriro Altamira igoko da, hirugarrenez. Eta Olaztira jaitsita, txirrindulariek zuzenean joko dute Altsasuko udaletxe parean dagoen helmugaraino” azaldu du Mazkiaranek. Helmugaratzea 12:40ak aldera izango dela aurreikusten da. 

Joan zen urtean, eguraldia lagun, 177 txirrindularik hartu zuten irteera, tartean estatuko txoko ezberdinetatik etorritako talde garrantzitsu asko, eta irabazlea Bathco taldeko Roberto Alonso izan zen (2:03:04), helmugara bakarrik iritsita.