Hotel Flamingo hotel zahar bat da eta berrireki nahi dute. Jabe eta zuzendari berriak negozioetarako begi ona izan du beti, eta oso ideia ona iruditu zaio pandemiaren erdian hotela zabaltzea. Clownic konpainiaren lana da Hotel Flamingo, eta haien esanetan Tricicle "antzerki gurasoei" omenaldi bat da. Izan ere, Clownic Triciclek sortu zuen. Duela hamar bat urte haien ikuskizun propioak sortzen hasi ziren, eta orain Triciclek agurtzeko ordua iritsi zaiela esan dutenez, omentzeko modu bat ikusi du Clownic konpainiak. Bihar, apirilak 9, larunbata, 19:30ean, Hotel Flamingo-ren ateak irekiko dituzte Iortia kultur gunean. Sarrerak 12 eurotan eros daitezke kultur guneko webgunean eta txarteldegian.