Gelditzea aukera bat ez denean

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko api. 11a, 13:52

Elordi García Insausti idazlea eta Mari Jose Oraa Ezker, Saray elkarteko presidentea. ALTSASUKO LIBURUTEGIA

Elordi García Insausti idazleak 'Imparable hasta la médula' liburuan leuzemia diagnostikatu ziotenetik sendatu arteko prozesu guztia kontatu du. Besteak beste, liburuarekin hezur muina ematearen ezjakintasunarekin apurtu nahi du.

2013ko abenduaren 7an Elordi García Insausti kazetari lazkaotarrari leuzemia diagnostikatu zioten. "Hor hasten da liburua, nahiz eta batzuetan atzera begiratzen dudan ere, kontestualizatzeko". 2021ean Imparable hasta la médula liburu solidarioa kaleratu zuen, eta asteazkenean Altsasuko Iortia kultur gunean aurkeztu zuen Mari Jose Oraa Ezker Saray elkarteko presidentearekin batera. Biek haien gaixotasunen inguruan elkarrizketa izan zuten liburuaren aurkezpenean.

García oso nekatuta sentitzen zen, eta giharretako mina zuen. Medikuarenera joan zen eta giharretako erlaxante bat eman zion. Baina ez zion ezer egin. Larrialditara joatea erabaki zuen. "Bertan gelditu behar nintzela esan zidaten". Analitikan ikusi zuten "odolean zerbait ez zebilela ondo, eta leuzemia izan zitekeela". Shock bat izan zela esan du kazetariak. "Hasieran akatsen bat egon zela pentsatu nahi nuen, gezurra zela, beste baten emaitzak zirela". Hurrengo egunean proba gehiago egin zizkioten, eta "baietz, leuzemia zela" esan zioten. Zuzenean isolamendu gela batera eraman zuten. "Dena oso azkar onartu beharra duzu. Bizitza normala egiten ari zara, larrialdietara zoaz, eta ingresatuta gelditzen zara".

Aurretik leuzemia minbizi mota bat zela baino ez zekien, "eta joan naiz ikasten gauzak gertatzen ziren heinean". Isolamenduan zegoela berarekin bakarrik pertsona bat egon zitekeen, "eta orain Covid-arekin ezta hori". Senideak eta lagunak abisatu zituen, eta lagun guztiak agertu ziren bisitan, "baina esan zieten ezin zirela sartu. Baina nola da hori posible! esaten zuten". Bertan ezagutu zituen Garcíak musukoak, gel hidroalkoholikoak eta abarrak. "Sartzen zen pertsona kirofanoa batera bezala sartzen zen". Gela horretan zegoela, ahizpak koaderno bat oparitu zion, eta bertan hasi zen egunean egiten zuena apuntatzen, medikuek esaten ziotena, medikuei galdetu nahi ziona, kimioa noiz hartzen zuen, zer beste tratamendu hartzen zituen...

"Nik esaten dut osasuna galtzea dolu bat dela, eta dolu bat denez fase batzuk dauzka: ez sinistu horretatik, tristurara, haserrea, dena nahasten da... Onarpeneraino bide bat dago". Larrialdietara igande batean joan zen, eta hurrengo egunean Gaztela Mantxako telebistan aurkezten zuen magazinera lanera joan behar zen. "Gelditu behar nintzela esan zidatenean esan nien ezin nuela, hurrengo egunean lanera joan behar nintzela". Saioaren zuzendariari deitu zion esanez ingresatuta gelditu behar zela, eta "hasieran akats bat zela pentsatu nahi nuen arren", luzerako zirudiela esan zion zuzendariari. Behin leuzemia zuela konfirmatuta, "dena ongi sendatzeko bi urte beharko nituela esan zidan medikuak. Pentsatu nuen ezingo nuela bi urtez lan egin gabe egon. Hori zen nire buruhaste handiena momentu horretan. Ez zara kontziente lanak ez duela ezertarako inporta, nire bizitza jokoan zegoen".

Koadernoa

Isolamendu gelan liburua sortzen hasi zen, "nahiz eta momentuan ez jakin"

Isolamendu horretan, beraz, liburua izango zena ekoizten hasi zen "nahiz eta nik momentu horretan ez jakin". Liburua idaztea "terapia" bat izan zela esan du idazleak. Liburua idaztearen idaia 2015ean sortu zitzaion. Garai horretan euskaraz idazten zuen, baina oso larri egon zen. ZIUn lau alditan egon zen eta gurasoei esan zieten ez zela bizirik aterako. Indartsuago sentitu zenean, gaztelaniaz idazten hasi zen liburu solidario bat sortzeko ideia dagoeneko egi bihurtu zelako. "Josep Carreras fundazioarekin egin ahal izateko eta baita nire medikuek eta abarrek ulertzea nahi nuelako". Pandemiaren konfinamendua "opari bat" izan zen Garcíarendako, liburua idazteko baliatu zuelako.

Imparable hasta la médula deitzen da liburua, eta izenburuak dioen bezala, geldiezina izan da: "Denek esan didate oso gaixo ona izan naizela". Leuzemia zuela onartu zuenetik, "energia guztia" prozesu guztia "ahalik eta hoberen" eramaten jarri zuen. "Oso kontziente nintzen horrela nire ondoan nituenak laguntzen nituela, eta horrela haiek ere ni hobe laguntzen ninduten". Oso larri egotera iritsi zen arte itxaropena mantendu zuen, eta orduan ere "ahal izan dudan guztia egin dut, bakean joan naiteke" pentsatu zuen. "Intentsitate handiarekin bizi duzu guztia; ez dakizulako hurrengo egunean esnatuko zaren edo ez. Hori da errealitatea".

Liburuak hiru helburu ditu: eskertza, ikerketa goraipatzea eta hezur muina ematea argitzea

Liburuak hiru helburu nagusi ditu: "Eskerrak emateko modu bat zen ez nekielako nola egin. Ez bakarrik inguruko jendeari, Alemaniako hezur muin emailea eskertzeko modu bat da ere". Baita Josep Carreras fundazioa eskertzeko modu bat ere bada liburua. Fundazioak 1991. urtean hezur muinen erregistroa sortu zuen, mundu osoko erregistroekin bat egiten duena, eta ikerketa eta laguntza lan handia egiten du. "Ikerketaren aldeko" aldarria egin nahi izan du kazetariak, baita hezur muinen inguruan dagoen ezjakintasuna argitu nahi izan du ere. Orain, hezur muina ematearen inguruan hitzaldiak ematen dabil.

Josep Carrerasek 1980ko hamarkadan Garcíaren leuzemia mota berdina izan zuen, eta orduan fundazioa "ezerezetik" sortu zuen. "Bera izan da ordutik etorri diren gaixoen aita, aitona, lehengusua...". 2018an tenorearekin elkarrizketa bat izateko aukera izan zuen, eta liburuaren hitzaurrea fundazioak egitea nahi zuela esan zuenean, "Josep Carrerasi esango diogu". "Oso pozik nago". Liburua edozein liburudendatan eta Interneten eros daiteke, eta irabazi guztiak fundazioarendako dira.