Astekaria

"Nafarroa ordezkatu arte ez naiz geldituko"

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko api. 12a, 12:42

Ekiñe Fernandez Claverrek duela gutxi egindako 2021eko Miss Grand Navarra lehiaketan parte hartu du. Noizbait edertasun lehiaketa batean "koroa" lortzea da bere ametsa.

'Miss'-en mundua zertxobait aldatu dela dio altsasuarrak.

1. Nola parte hartu zenuen Miss Grand Navarran?
Txikitatik asko gustatu izan zait argazkilaritzaren mundua eta kameraren aurrean jartzea. Iruñeko DejaVú Models agentzian izena eman nuen, eta agentziako neskak esan zidan Nafarroan sariketa hori antolatzen zela. Zer egin behar zen pixka bat gainetik azaldu zidaten, eta oso ongi zer egin behar zen jakin gabe, izena eman nuen. Itsuan joan nintzen. Eguna iritsi zenean bizitzeko esperientzia polita zela ikusi nuen.

2. Zer baldintza bete behar ziren?
1,61 metro baino gehiagoko altuera eta 16 urte baino gehiago izatea eskatzen zuten. Ez dute ezer gehiago eskatzen. Gero gala soineko bat izan behar zenuen, eta hamar zentimetroko takoidun zapatak. Harritu ninduen lehen eskatzen zutelako 90-60-90 edo neurri jakin batzuk izatea, eta orain mundu hau aldatu da. Niri behitzat ez zidaten ezer gehiago eskatu, eta mota guztietako gorputzak zeuden.

3. Zure lehenengo modelo lana izan da?
Ez, hiru urte daramatzat mundu honetan; 15 urte nituenetik. Denda txikietarako zenbait lan egin ditut, katalogoak eta horrelakoak. Miss-en munduan bai izan da lehenego aldia, eta errepikatuko dut.

4. Nola izan zen agentzian sartzea?
Errealitate bainu bat izan zen. Erraza izango zela uste nuen, agian altueragatik zerbait esango zidatela, 1,65 metro luze naizelako, mundu horretarako gutxi, baina iritsi nintzenean neskak esan zidan ez nuela altuera nahikorik, ez nuela bestea... Amak aukera bat emateko esan zidan, eta bertan antolatzen zuten modelo ikastaro bat egin nuen. Gustatu zitzaidan eta haien gustuko izan nintzen. Agian pasarela egiteko ez, 1,71 metrokoa izatea eskatzen dutelako. Pasareletan ez da hainbeste aldatu. Pertxa bat zara. Gero Madrileko agentzia batean ere sartu nintzen.

5. Nola prestatu zara 'Miss' lehiaketarako?
Aurten dena oso azkarra izan da 2021eko edizioa izan delako. Bi egunetan egin genuen: larunbatean entsegu azkar bat eta igandean gala orokorra izan zen. Takoietan eta pasarelan ongi ibiltzeko aholku pare bat, argazki ofizialak egin, eta gutxi gehiago. Baina dena oso ongi atera zen. Gainera, lehiakortasun handia zegoen. Gure artean ez zen gaitzespenik ez hitz txarrik egon. Harritu ninduen, holakoetan lehiakortasun handia egoten delako, eta gaiztoak izan gaitezkeelako.

6. Esperientzia ona izan da, beraz.
Bai. Nik gomendatzen dut. Asteburu horretan neska horiekin ia lagunekin baino harreman gehiago egin dut. Oso bizia da.

7. Zer egin behar zenuten?
Hamahiru neska parte hartu genuen. Bi pasarela mota zeuden: bainujantziarena eta gala soinekoarena. Gala dantza batekin ireki genuen, eta gero banaka deitzen ziguten gure barrutiaren izenarekin, nire kasuan Altsasun, eta desfilatu behar genuen. Gala soinekoarekin diskurtso bat egin behar izan genuen, nire kasuan gerrari buruz. Gero Top-6-a aukeratu zuten, haietako bat Instagram bidez aukeratutakoa eta beste bostak epamahaiak aukeratutakoak. Finalistei galdera batzuk egin zizkieten eta oratoria hoberena zuenak irabazten zuen.

8. Finalista izan zinen?
Ez. Soinekoarekin arazo bat izan nuen, askoz luzeagoa egin zidaten, baina ikasi nuen eta urrian Miss Grand Navarra 2022 egingo da, eta prest egongo naiz.

9. Nola lortu zenuen soinekoa?
Erositakoa da; neurrira eginda. Hemen asko kobratzen zidaten, eta Martak, antolakuntzako neska batek, oso maitakorra dena, esan zidan aurreko urteko lehiaketan soinekoak egin zituen neska bat ezagutzen zuela eta 500 eurotan soineko bat egin zezakeela. Oso denbora gutxi neukan, gainera. Nire amak eta biok neurriak hartu genituen, eta ez dakit nola hartu genituen, baina luzeegia zen. Desfilean zapaltzen nuen. Beste bati takoia hautsi zitzaion, beste bati titia atera... Barregarria izan zen.

10. Zer espero duzu etorkizunerako?
Nik esan dut: Koroa iritsi arte, ez naiz geldituko. Nafarroa ordezkatu nahi dut. Miss izateak ate asko irekitzen dizkizu modelajearen munduan. Aurreko urtean Miss Grand Nafarroa izandakoa nirekin hasi zen DejaVun, eta hutsetik Louis Vuittonerako desfilatzera irtsi da. Miss izateagatik.

11. Mundu oso gogorra omen da.
Esaterako, Miss Grand Navarra irabazi ondoren, hilabete bat Kanarietara joan behar zara Espainiako lehiaketetarako prestatzeko eta egunero 05:00etan jaiki behar zara prestatzen hasteko. 1:00etan inguru bukatzeko, gauean. Egun osoa takoiekin; ekimen bat, argazki saioak, hemendik hona... Galaren bukaeran bakarrik pentsatzen nuen ea noiz jaitsi ahalko nintzen hortik.