Elkartasun azokaren emaitzarekin pozik

Guaixe 2022ko api. 13a, 12:37

Azokan arropaz aparte denetarik eskuratzeko aukera izan zen.

Jende mugimendu handia eta salmenta handiak izan ziren.

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuak eta Sakana Harrera Haranak (SHH) antolatuta, Altsasuk estreinako elkartasun azoka hartu zuen igandean. Jendeak emandako arropa eta objektuak oso merke jarri zituzten salgai. Alde batetik, premia izan zezaketenek haiek merke eskuratzeko eta, bestetik, SHHren kanpainetarako dirua lortzeko. Salgaiak euro erdian eta euro batean zeuden. Jende gehiena 11:00ak eta 12:15 artean izan zen kultur gune pareko plazan, baina emaria goiz guztian izan zen. Haiendako eta antolatzaileendako traba bakarra jo zuen haizea izan zen.  

Begoña Zestau Baraibar teknikariak bi helburuak bete zirela, antolatzaileen poztasunaren berri eman eta esker ona azaldu zien elkartasuna posible egin zutenei: 29 boluntarioei, azoka muntatu, desmuntatu, salmentan egon, txokoetan egon zirenei, Altsasuko Udalari materiala jasotzeko lokala uzteagatik, jolasen txokorako materiala ekarri zuen taldeari eta “bertaraturiko guztiei elkartasunari ekiteagatik”. Zestauk adierazi duenez, “igandekoa ikusi ondoren, badirudi 2023an bigarren edizioa eginen dugula, gauza batzuk hobetuta”.