Konpost festa arrakastatsua

Guaixe 2022ko api. 13a, 12:29

Auzokonpostagailuan egindako konposta zakuan sartzen.

Larunbateko hitzorduak hondakinen kudeaketaren inguruan sentsibilizatzeko balio izan zuen.

Laugarren urtean izanda ere, ikusi zen hainbat altsasuarrek badutela konpost festaren berri eta Otadiko auzokonpostagunera hurbildu ziren. Hura kudeatzen duten Martin Zelaiak eta Jabi Bergarak, Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuaren laguntzaz, antolatu zuten hitzordua. Lehen ordurako hainbat ziren konpost bila joandakoak. Mank-etik 50 bat kiloko 40 zaku eraman zituzten. Herritar bakoitzak gehienez bina zaku eraman zituen. Gehiago nahi izanez gero auzokonpostagailutik hartu edo Arbizuko Utzubar EKOgunetik pasatzeko gonbidapena jaso zuten (astegunetan, goizez). Itziar Zudaire Salegik azaldu zuenez, “joan den urtean bezala, aurten ere A mailako konposta sortu dugu. Hau da, ekoizpen ekologikoan erabili daitekeen konposta da. Sakandarrak eta udalak Utzubar EKOgunetik pasa eta konposta hartzera gonbidatzen ditut. Hartzeko kopuru mugarik ez dago”. 

Bitartean, Zelaiak eta Bergarak hurbildu zirenei auzokonpostagailuaren martxa nolakoa den azaldu zieten eta bakarren batek erabaki zuen bat egitea konpostatze komunitarioarekin. “Hondakinak egoki bereiztea auzolana da eta, horrela, herria eraikitzen dugu. Banaka egiten dugun ekintza hori talde garaipena bihurtzen da”, azaldu zuen Bergarak. Eta “hondakinen kopurua murrizteko, kontsumoa murriztera, birziklatzera eta berrerabiltzera” gonbidatu zuen. 

Izan zen auzokonpostagailutik konposta eraman zuenik ere. Gainera, larunbateko ospakizunarekin auzokonpostagailuaren ondoan jarritako iragarki ohola mustutzeko erabili zuten. Gainera, bertaratu ziren guztiek auzatea dastatzeko aukera izan zuten. 

Erlazionatuak

Konpostak elkartuta

Guaixe 2022 api 11 Altsasu