Errepublikaren alde

Guaixe 2022ko api. 14a, 13:09

Estatu kolpearen aurrean errepublika defendatu zutenak gogoratu eta errepublikaren aldeko aldarria egin dute: “bidezkoagoak eta berdintasunezkoak diren politikak behar ditugu, baztertzaileak ez direnak”.  

Espainiako bigarren errepublika aldarrikatu zela 91 urte bete direla eta, Altsasuko Ezker Batuak ekitaldia antolatu du. Ohi bezala, errepublikaren aldeko zalean Soldadu Langile Batailoietakoen omenez eraikitako oroigarrian elkartu dira. Ezker Batuko Arturo Carreño Parrasen idatziari ahotsa Migel Nuinek eman dio eta gogorarazi du II. Espainiako Errepublika “biolentziaz eta legez kontra indarrez kendu ziguten faxistek 1936an”. Errepublikak iraun zuen tarte hartan hezkuntzak, nekazaritzak, osasunak eta gizarte justiziak izandako aurrerabidea nabarmendu dute. 

Gaineratu duenez, “40 urteko diktaduraren ondoren, 1978ko Konstituzioarekin hobe eta askatasun handiagoarekin bizi gintezkeela zirudien. Ez zen hala izan. Gaur egun gauza asko eskuratzea falta zaizkigu”. Eta gaineratu duenez, “PPren eskuineko politikekin eta PSOEren zentro-eskuinekoekin Espainiak ez du behar lukeen bezala aurrera egiten”. Alderdi politikoen eta kalearen arteko lotura eza nabarmendu eta “klase sindikalgintza hilik” dagoela nabarmendu du, “ez dute konponbiderik bilatzen eta langileria iparrik gabe dago”. 

Monarkia, Eliza, Justizia eta boteretsuak “beraien saltsan daude eta pobrezia, prekarietatea eta gose ilarak eguneroko gauza” direla nabarmendu du. Horregatik, “Justizia gehiago, lan gehiago eta bakean bizitzea” aldarrikatu ditu. Horretarako, “bidezkoagoak eta berdintasunezkoak diren politikak behar ditugu, baztertzaileak ez direnak”.