Berritasunak Lanbide Heziketan

Guaixe 2022ko api. 25a, 14:15

Carlos Gimeno eta Esther Monterrubio gaurko aurkezpenean. NAFARROAKO GOBERNUA

Heldu den ikasturtean bi berritasun izanen dira: Industria Mekatronika euskaraz ikasteko aukera eta behar bereziak dituzten ikasleendako Merkataritzako Zerbitzu Orokorretako laguntzailea ikasketa. Izen ematea ostiralean zabalduko da

Hezkuntza Departamentuak 2022-2023 ikasturterako Lanbide Heziketako izena emateko “LH Zure Neurrira kanpaina” gaur aurkeztu du. Carlos Gimeno Hezkuntzako kontseilariak esan duenez, “Lanbide Heziketako ikasketek gero eta balio handiagoa dute”, eta gaineratu du “heldu den ikasturterako Foru Komunitatean egiten duten eskaintza bizia dela, egungoa eta etorkizunekoa, edozein pertsona eta edozein talderi egokitzen zaiona”. Bestalde, Esther Monterrubio LHko Plangintza eta Integrazio Zerbitzuko zuzendariak adierazi du berme prozesu bat dela, “ahal den neurrian pertsona bakoitzak bere aukera gogokoena lortu ahal izateko”. 

Berritasun gisa, ikasturte honetan Erdi Mailako eta Goi Mailako inskripzioak bereizi dira, eta horrek aukeratzeko aukerak handitzen ditu. Hezkuntza Departamentuak ikasleei eta familiei eskatzen die orientazioko profesionalengana jo dezatela, beren nahien, trebetasunen eta etorkizun profesionalaren arteko orekan aukeraketa egokiena egiteko. Izena emateko kanpaina publikoarekin batera, departamentuak gutun pertsonalizatu bat bidali die DBH eta Batxilergoa bukatzen duten ikasleen familiei, Lanbide Heziketako ikasketa eskaintza zabalari buruzko informazio guztiarekin, QR kode bat daramana, automatikoki eta modu iraunkorrean eguneratuko dena.

Berrikuntzak 
22/23 ikasturterako eskaintza 31 heziketa ziklo eta programa berrirekin hazi da, hau da, % 13ko urte arteko hazkundea izan da, eta eskaintza osoa formatu dualean egin da. Nafarroako LHko ikastetxeen sareak aurrez aurreko 6.020 plaza eskainiko ditu guztira. Lanbide Heziketako 157 ziklo eta prestakuntza programa desberdin eskaintzen dira (273 unitate) 24 lanbide arlotan, eta, beraz, Nafarroa Estatuan dibertsifikazio handiena duen autonomia erkidegoa da ehunekotan. 

Altsasun dagoen Sakana Lanbide Heziketa institutuak bi berritasun izanen ditu heldu den ikasturtean. Alde batetik, orain arte goi mailako Industria Mekatronika ikasketak gaztelaniaz egin zitezkeen bakarrik. Heldu den ikasturtetik aurrera euskarazko adarra ere izanen da. Eta, bestetik, behar bereziak dituzten ikasleendako Merkataritzako Zerbitzu Orokorretako laguntzaile ikasketak eskainiko ditu institutuak. 

Izen-ematea
Erdi eta Goi Mailetarako izena emateko egunak (telematikoki edo presentzialki) apirilaren 29tik maiatzaren 10era izango dira, eta onarpen osoko prozesua uztailean amaituko da; egon daitezkeen plaza hutsak, berriz, irailean esleituko dira. Behin betiko lehen zerrendaren matrikula uztailaren 4tik 11ra bitartean egingo da.

Oinarriko Maila berrirako, maiatzaren 26tik garagartzaroaren 3ra bitartean eman ahal izango da izena, eta matrikula garilean ofizializatuko da. Espezializazio ikastaroen kasuan, eskaintza erdi presentziala, eskaintza modularra eta on line prestakuntza garagartzaroan egingo dira.

Institutuaren eskaintza

  • Goi mailako zikloak: 


    Industria Mekatronika (euskaraz edo gaztelaniaz).


    Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa (ikasketa duala).

  • Erdi mailako zikloak: 


    Mantentze-lan elektromekanikoa.


    Soldadura eta galdaragintza.
    Araubide bereziko kirol ikasketak bai mendi ertaina bai eskalada.


    Mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntza (euskaraz).
    Mikroinformatika sistemak eta sareak (ikasketa duala, euskaraz).

  • Oinarrizko Lanbide Heziketa

:
    Merkataritza zerbitzuak. 



  • Lanbide Heziketa berezia:
    Merkataritzako Zerbitzu Orokorretako laguntzailea. 

  • Ziurtagiriak
:
    Lanean ari diren langileak titulazioa lortzeko profesio ziurtagiriak lortzeko ikastaroak.