Oinatz Bengoetxea pilotari profesional ohia aurten erretiratu da eta pilotari leitzarra makina bat omenaldi jasotzen ari da. Horietako bat Altsasun jasoko du, maiatzaren 8an, Altsasuko Alde Zaharreko festetan, Pilotajaukuk antolatu duen eta 17:00etan abiatuko den pilota jaialdi berezian. Altsasuko pilotazaleen esker ona jasotzearekin batera, pilota partida jokatuko du Oinatz Bengoetxeak, eta ez edonolakoa.
Oinatz Bengoetxeak Iker Alustiza altsasuarrarekin osatuko du bikoa, eta Mikel Goñi pilotari ohia eta Mikel Senar altsasuarra izango dituzte aurkari. Zalantzarik gabe, jaialdi bitxia izanen da, pilotazaleen interesa piztuko duena, bi pilotari profesional ohi elkarren kontra lehiatuko direlako, bi pilotari altsasuar amateurrekin bikotea osatuta.
Pilotajaukuko kadeteen mailako pilotarien arteko partida batek emango dio hasiera pilota jaialdiari. Carabiasek eta Vicentek Mitxelena eta Gordo izango dituzte aurkari.
Sarrerak
Pilotajaukuk antolatu du pilota jaialdia, Altsasuko Udalaren babesarekin eta Koxka taberna, Lastadi, Ramos eta Copreci enpresen laguntzarekin. Sarrerak salgai daude Koxka tabernan eta Burunda pilotalekuko txarteldegian, 5 eurotan. 16 urtetik beherakoak dohain sartuko dira.