Maskulinitateari buruzko tailerra

Guaixe 2022ko api. 26a, 09:35
Gizon-emakumeak Erkuden kalean. ARTXIBOA

Altsasuko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak antolatu du. Hiru saio izanen dira: larunbat honetan, apirilak 30, maiatzaren 14an eta garagarrilaren 4an, 10:00etatik 14:00etara. Izen ematea gaur despedituko da. Horretarako 628 328 593 telefonora hots egin edo berdintasuna@altsasu.net e-postara idatzi behar da. 

Altsasuko II. Berdintasun Planaren barruan, udaleko Berdintasun Zerbitzuak gizonezkoei zuzendutako tailerra antolatu du. Idoia Goikoetxea Gomez berdintasun teknikariak azaldu duenez, “berdintasunarekin lotutako gaietan gizonen kontzientzia eta inplikazio falta, gai horiei uko egitea eta batzuetan baztertzea, alde batera utzi edo batzuetan baztertzea oztopo handia izan da emakumeen aurrerapen sozial eta pertsonaletan, baita gizonen eta gizartearen aurrerapenetan ere”. Goikoetxeak gaineratu duenez, “gizarteak gizonengandik espero du haiek jarrera, pentsamolde eta praktika berdintzaileagoak izango dituztela eta hala izan dadin eskatzen die”. 

Teknikariak tailerren helburuak aletu ditu. Batetik, saio ez-mistoen beharra eta zergatiak ulertzea. Bestetik, “mutil edo gizonezko bezala, feminismorako bidean, haien papera zein den ulertzea eta beraien burua kokatzea” da helburua. Horrekin batera, sexu indarkeriarekin lotuta, mutilek egiten dituzten erasoak identifikatzea eta horien nola ekidin ditzaketen ikasiko dute. Aldi berean, tailerrean maskulinitate hegemonikoa aztertuko dute, “beste eredu hobeagoen klabeak definitzeko”, azaldu du Goikoetxeak. Horretaz aparte, tailerrean autokritika landuko dute, “generoak gurutzatzen dituen egoerekiko pentsamendu analitiko eta kritikoa sustatzeko”. Tailerra parte-hartze eta dinamiken bidez eginen da, haien bidez hausnarketa edo eztabaida sustatzeko. Betiere, banaka edo talde txikitan.

Saioz saio 
Izena eman duten gizonezkoek larunbatean izanen dute aurreneko saioa eta orduan maskulinitatearen azterketa egin eta bestelako ereduen beharra dagoen aztertuko dute. Horretarako, besteak beste, honakoak landuko dituzte: talde ez-mistoen zentzua zein den, zer eramaten gaitu bide paralelo horiek hartzera; biolentziaren izebergaren azterketa sakona eginen dute eta azaleratutako ereduan beraien inguruan non kokatzen dituzte aztertuko dute; hau da, zeintzuk, nola eta zergatik sortzen ditugu egoera horiek. Horrekin batera mikromatxismoak zer diren aztertuko dute. Baita gizonek duten modelo estereotipatua eta hark sustatzen dituen balore eta izaera aztertuko dute. Konplizitatearen eta anaitasunaren garrantzia, balioa eta arriskua mahai gainean izanen dute, baita izan daitezkeen bestelako norabide batzuk eta beste maskulinitate eredu batzuk hizketagai izan ere.

Maiatzeko saioan tradizioaren zama, festak, erlazioak eta bortizkeria izanen dira ardatza. Ligatzeaz zer ulertzen duten eta ligatzeko oinarri sanoak izanen dira hizpide. Horretarako, aztergaiak izanen dira sozializazio maskulinoa, ereduak eta erreferenteak pribilegio posizio batetik. Horrekin batera, bizitzaren hainbat eremutan gizonezkoek dituzten erlazio afektibo sexualak baldintzatzen eta eraikitzen duten elementuak azaleratuko dituzte. Horrekin batera, gizonezkoen jarreren inpaktuak duen garrantzia aztertuko dute, horretarako, intentzioa eta inpaktuaren desberdintasunaren garrantzia aztertuz. Eta, ondorioz, sortzen dutenaren erantzukizuna hartzea landuko dute. Erlazionatzeko maskulinitate matxistak ahaztu eta gizonezkoek beraien identitate anitzak berreskuratzeko bidea aurkitzeko saioa izanen da.

Garagarrilean despedituko da tailerra parte hartzaileek beraien maskulinitateak aztertuz; barrurako begirada, indarkeria kanporatzeko. Azken saio horretan, besteak beste, honakoak landuko dituzte: indarkeriarekin izandako harremana (jasan eta eragindako); indarkeria horiek eremu publiko, pribatu eta intimoan nola gertatzen diren; gizontasun ereduari lotuta dauden indarkeri sutilen kontakizunak egin; biolentziaren zikloa aztertu eta nola gertatzen den ulertu eta adibide pertsonaletatik hasita, nola apurtu dezakegu biolentziaren zikloa. Azkenik, parte hartzaileek epe motz eta luzeko konpromisoak hartuko dituzte.