Futbola

Altsasuren lehen garaipena!

Guaixe 2022ko api. 27a, 09:27

Emakumezkoen Lehen Maila Autonomikoa. Bigarren faseko mantentze multzoa. Zortzigarren jardunaldia: Altsasu 2 – Cortes 1

Emakumezkoen Lehen Maila Autonomikoan Altsasuk denboraldiko bere lehen garaipena lortu zuen larunbatean, etxean, Cortes taldearen kontra, gogoz ospatu zutena. 

Partida ez zen ongi hasi altsasuarrendako, Ana Sanchezek hirugarren minuturako Cortes aurreratu baitzuen. Partida berdintzen behin eta berriz saiatu zen Altsasu, baina lehen zatian ez zen posible izan. Atsedenaldia eta gero, bigarren zatia hasi eta berehala Corteseko Claudia Gomezek ate propioan gola sartu zuen eta bana berdindu zuen Altsasuk. Bi taldeek garaipenaren alde borrokatu zuten eta 60. minutuan Nerea Arellanok Lucia Villafrancak defendatzen zuen atea zulatzea lortu zuen eta hortik aurrera Altsasuk garaipena ongi defendatu zuen. 

Lehen garaipenak animoa eman dio Altsasuri. Sailkapenean Mulier B taldea da liderra (37 puntu) eta Altsasu bederatzigarren da, lau punturekin. Asteburuan azken aurreko jardunaldia jokatuko da eta Altsasuk Idoya izango du aurkari igandean, 17:00etan, Oteizako Iturtxipia futbol zelaian.