Altsasuko Udalak abeltzaintza azpiegiturak hobetzeko 92.702,89 euro bideratuko ditu, aurrekontu aldaketa onartu ondoren. Lanak egin ahal izateko udalak Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatu dio dagoeneko. Udalak 2020an Azunzarte eta Zezenaga dermioetan dagoen pinudiaren itxituraren zati bat egin zuen. Aurten itxitura egiteko lanak despedituko dituzte. Herriaren larreekin lotutako honako lanak egin beharko dira: 1050 metro linealetan dagoen itxitura erretiratzea eta berra instalatzea, pertsonendako 4 pasabiderekin; 459 metrotan ezponda garbitzea eta 91 metrotan ezponda egitea. Lanak egiteko hamar egun eman ditu udalak.
Horrekin batera, udalak Basamuturreko bidea asfaltatuko du. Javier Ollo Martinez alkateak nabarmendu duenez, “abeltzaintza, baso eta jendearen erabilera handia du bide horrek, eta horregatik eginen da lana”. Udalak dagoeneko lanak emateko deialdia egin du eta interesa duten enpresek apirilaren 19ra arte dute beraien eskaintzak aurkezteko. 525 metro inguruko luzera duen bidea asfaltatzeko 64.481,11 euro (BEZ barne) bideratu ditu udalak. Kalitate eta prezio erlazio onena duen eskaintzari emanen dio lana udalak. Hura hartzen duen enpresak 15 egun izanen ditu haiek despeditzeko. Udalaren asmoa da lanak udaberri bukaerarako egina izatea, baso aprobetxamenduak eta abeltzaintza jarduera hasi aurretik. Altsasuko Udalak enpresa hartzaileari eskatuko dio lanak agorrilaren 1erako despedituta izatea. Basoaren ertzean dagoen dermioko bide hori Dantzaleku eta Usolarrainera daraman bidearen eta Otadiko bidearen artean dago. Azken bi bide horiek aurretik asfaltatuta daude.