Udalak garapenerako lankidetza proiektuak lagunduko ditu

Guaixe 2022ko mai. 4a, 11:14
Altsasuko udaletxea. ARTXIBOA

Horretarako dirulaguntza deialdia egin du. Eskaerak maiatzaren 9ra arte aurkez daitezke.

Aurreko urteetan bezala, Altsasuko Udalak garapenerako lankidetza proiektuak egiteko dirulaguntza  deialdia egin du. Laguntzen helburua da nazioarteko lankidetza programak edo garapenerako laguntzak bultzatzea, herritarren sentsibilizazioa eta Altsasuko komunitatearen eta elkarteen parte hartzea sustatzen duten jarduerak eginez. Udalak 6.000 euro bideratuko ditu laguntza horietarako. Interesa duten erakundeek beraien eskabideak eta memoriak udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dute maiatzaren 9rako. 

Deialdira aurkezteko interesa duten erakundeek irabazi asmorik gabekoak izan behar dute eta egoitza edo delegazio iraunkor eta aktiboa Nafarroan izan behar dute. Gainera, udalak eskatu die  helburu sozialak betetzeko adinako egitura edukitzea eta proposaturiko helburuak erdiesteko behar diren eskarmentua eta gaitasun operatiboa frogatzea.