Altsasun dagoen Sakana Lanbide Heziketa (LH) institutuaren heldu den urteko ikasketa eskaintzan bi berritasun izanen dira heldu den ikasturtean. Izan ere, orain arte gaztelaniaz ikas zitekeen goi mailako Industria Mekatronika ikasketak heldu den ikasturtetik aurrera euskaraz ikasteko aukera izanen da, euskarazko adarra sortuko baita. Horrekin batera, LH Bereziko estreinako ikasketa hartuko du institutuak: Merkataritzako Zerbitzu Orokorretako laguntzaile ikasketak.
LH Bereziaren bidez hezkuntza premia bereziak (aldi baterakoa edo iraunkorra) dituzten gazteen prestakuntza eta kualifikazio beharrei erantzuten zaie. Behar bereziak dituzten ikasleek ikasketak gainditzean ziurtagiri bana jasoko dute. Han gainditutako lanbide profesionalen moduluak azalduko dira. Ziurtagiriak LH eta Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren lan konpetentzien akreditazio balioa du. Behar bereziak dituzten pertsonak lan merkatuan txertatzeko balioko du ikasketa berriak.
Institutuak dagoeneko Oinarrizko LHko Merkataritza zerbitzuak ikasketak eskaintzen zituen eta familia bereko ikasketa da aipatutako azken eskaintza berria. Eskaintza berriaren kudeaketan Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroarekin batera ari da Hezkuntza Departamentua eta ikastetxea.
Izen-ematea
Hezkuntza Departamentuak ikasturte honetan Erdi Mailako eta Goi Mailako inskripzioak bereizi ditu, eta horrek aukeratzeko aukerak handitzen ditu. Erdi eta Goi Mailetarako izena emateko egunak (telematikoki edo presentzialki) bihar arte izanen dira, eta onarpen osoko prozesua garilean despedituko; egon daitezkeen plaza hutsak, berriz, irailean esleituko dira. Behin betiko lehen zerrendaren matrikula garilaren 4tik 11ra bitartean egingo da.Oinarrizko LHrako, maiatzaren 26tik garagartzaroaren 3ra bitartean eman ahal izango da izena, eta matrikula garilean ofizializatuko da. Espezializazio ikastaroen kasuan, eskaintza erdi presentziala, eskaintza modularra eta on line prestakuntza garagartzaroan egingo dira.
Departamentuko arduradunek ikasleei eta familiei eskatu diete orientazioko profesionalengana jo dezatela, beraien nahien, trebetasunen eta etorkizun profesionalaren arteko orekan aukeraketa egokiena egiteko. Izena emateko kanpaina publikoarekin batera, departamentuak gutun pertsonalizatu bat bidali die DBH eta Batxilergoa bukatzen duten ikasleen familiei, Lanbide Heziketako ikasketa eskaintza zabalari buruzko informazio guztiarekin, QR kode bat du gutunak, automatikoki eta modu iraunkorrean eguneratuko dena.
Institutuaren eskaintza
- Goi mailako zikloak:
Industria Mekatronika (euskaraz edo gaztelaniaz).
Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa (ikasketa duala). - Erdi mailako zikloak:
Mantentze-lan elektromekanikoa.
Soldadura eta galdaragintza.
Araubide bereziko kirol ikasketak bai mendi ertaina bai eskalada.
Mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntza (euskaraz).
Mikroinformatika sistemak eta sareak (ikasketa duala, euskaraz). - Oinarrizko Lanbide Heziketa:
Merkataritza zerbitzuak. - Lanbide Heziketa berezia:
Merkataritzako Zerbitzu Orokorretako laguntzailea. - Ziurtagiriak:
Lanean ari diren langileak titulazioa lortzeko profesio ziurtagiriak lortzeko ikastaroak.