Pentsioa KPI errealarekin eguneratzeko sinadurak biltzen

Guaixe 2022ko mai. 3a, 08:32

Pentsioak eguneratzean alde sinatzen.

Asteazkenetan, 11:00etatik 13:00etara, Altsasuko Iortia kultur gune parean jasotzen ditu sinadurak Sakanako Pentsiodunen eta Adinekoen Koordinakundeak. Sinatzaileek eskatzen dute pentsiodunek galdu duten %3ko erosteko ahalmena konpentsatzea eta gutxieneko pentsioak handitzea.

Estatuan dauden pentsio duinen aldeko hainbat plataformak sinadura bilketa bateratuari ekin diote. Garagarrila bitartean sinadurak biltzen ariko dira eta ondoren haiek Kongresuan aurkeztuko dituzte. Pentsio duinen aldeko mugimenduak sinadura bilketaren bidez hiru eskaera eginen die diputatuei. Alde batetik, “aurtengo eta hurrengo urteetako pentsioen erosteko ahalmena bermatzea”. Horretarako, pentsioen balioa KPI errealaren arabera handitzea eskatu dute, “2011ko erreforma egin aurretik hala egiten zen”. Horrekin batera, “pentsioek izan duten eros ahalmenaren %3ko galera konpentsatzea” exijitu dute. 

Bestetik, sinatzaileek diputatuei eskatuko diete berma dezatela pobreziaren atalasetik beherako pentsiorik ez daitezela izan. Horretarako, “soldata eta pentsioetan genero arrakala kendu eta gutxieneko pentsioa lanbide arteko soldatarekin parekatzea” eskatu dute. Eta Europako Gutun Sozialean jasota dagoen moduan, lanbide arteko soldata bataz besteko soldataren %60 izatea aldarrikatu dute. Azken eskaeraren bidez, sinatzaileek “pentsio publikoak duinak eta behar adinakoak bermatzea” eskatzen diete diputatuei. Baita Pentsio Sistemaren izaera publikoa bermatzea ere. Horretarako, 2011, 2013 eta 2021eko erreformak baliorik gabe uztea exijitzen dute. Eta, horrekin batera, Pentsioen Sistemaren erabateko edo zati baten pribatizazioari ezetz esatea ere.