Langileen Eguna 2022

Kontseilu Sozialistak sozialismoa eraikitzera deitu du

Guaixe 2022ko api. 29a, 12:28

Kontseilu Sozialistak eta Gazte Kontseilu Sozialistak deitutako manifestazioa. ARTXIBOA

Igandean, 13:00etan, Altsasuko Foru plazatik manifestazioa abiatuko da. 

Sakanako Kontseilu Sozialistak (KS) Langileen Eguna dela eta Krisi kapitalista garaian, sozialismoa eraikitzen lelodun manifestazioa antolatu du, eta mobilizatzera deitu du, “sozialismoaren konkistak gogoratu behar ditugu: kalitatezko bizi baldintzen alde inoiz izan diren aurrerapauso handienak lortu baitira”. KSko Sakanako kideen iritziz, “kapitalismoa gainbeheran dago eta langile klaseko kideak ari gara krisialdi horren ondorioak pairatzen”. Nabarmendu dutenez, “alderdi parlamentarioa oligarkien menpe daude. Dirurik soberan ez dagoen garaiotan erakundeak miseria kudeatzera mugatzen dira”. 
 
Hala ere, “ongizate orokorra bermatzeko inoiz baino bitarteko gehiago existitzen dira. Teknologiaren eta ekoizpen bitartekoen ugaltzeak mundu guztiarendako kalitatezko bizitza bermatzeko aukera sortzen du”. KSko kideek adierazi dutenez, “ekarpena egin nahi dugu momentuko borrokak eta sozialismoaren eraikuntza uztartzeko”.